Goikobaluko Gazteluko Jaia-ri esker, Arrasateko Santa Barbara parkea festarako leku bihurtuko da berriz ere zapatuan. 2013an egin zuten berriz ere antzina Goikobalun egiten zen erromeria Goikobaluko Erromerixie izenarekin, bertako balore historikoa, botanikoa eta ludikoa berreskuratzeko asmoarekin. Ospakizunak bosgarren aldia izango du aurten eta garai batean parkean zegoen gazteluari garrantzia eman nahian izena aldatu diote.
Elkarteen elkarlana
Jaia antolatzeko, Zuztarrak errotuz, AED, Ekin, Txatxilipurdi, Trikitixa Eskola, Udalaxpe Txistulari Elkartea, Arrasateko Bertso Eskola, Ttakun Elkartea, Albokalarariak, Lore Gazteak, Arrostaitz eta SUDC elkarlanean ibili dira, Udalaren laguntzarekin. Elkarteotako ordezkariek egindako agerraldian azaldu dutenez, urteotan egindako lanari esker lortu dute festa arrasatearren agenda kulturalean sartzea, eta iragarri dute ume, gazte zein helduendako egitarau oparoa prestatu dutela, goizetik arratsaldera arte luzatuko dena.
Berrikuntzarik ere iragarri dute. Zentzu horretan, sagardo kupela egongo da Santa Barbaran, eta 12:30etan furgoneta bat ere jarriko dute janari-zorroak Herriko Plazatik Goikobaluraino eroateko. beste urte batez hutsik egingo ez duena sokatira txapelketa izango da. Bertan parte hartzeko seiko taldeak osatu behar dira, eta herriko hainbat tabernatan eman daiteke izena.
Egitaraua
- 11:30: Goikobalura ibilbide gidatua (Ferrerias kaleko Arotz plazatik)
- 12:00: Herriko Plazan elkartu Goikobalura igotzeko (Herriko plazan)
- 12:30: Kalejiran Goikobaluraino (Herriko Plazatik irtenda. Furgoneta bat izango da bertan bazkari zorroak gora eramateko)
- 13:00: Umeendako jolasak
- 13:00: Dantzaldia Ttakunek, Arrasateko Bertso Eskolak, Lore Gazteek, Arrostaitzek, Trikitixa Eskolak eta Udalaxpek lagunduta
- 13:45: Sokatira txapelketa
- 15:00: bazkaria: Heuk eruen, heuk jan!
- 16:00: Patxi Monterorekin, Herrixa dantzan
- 17:15: Berbena Leire eta Eneritzekin
- 18:45: Goikobalutik jaitsiera