Arrasatek betidanik izan ditu arratoiak biztanle gisa, nahiz eta ez diren biztanle erosoak izaten askorentzat. Zaila izaten da hauek zenbatzea, eta kontrolpean izatea, baina Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko buru den Oscar Garciak adierazi du, herriko arratoi kopurua "normala dela".
"Albistea irakurrita, edo sare sozialetako kexak ikusita arratoi asko daudela pentsa dezakete herritarrek, baina dauzkagun datuen arabera, arratoien kopurua inguruko herrien parekoa da. Hala ere, Udal Gobernu honentzako lehentasunezko gai bat da, eta ahaleginak egiten ari gara sistema eraginkorrenarekin lan egiteko".
Metodologia iraultzailea
Anticimex Cantabrica da uztailetik hona lanean ari den enpresa, eta Gipuzkoan aitzindari den sistema bat aplikatzen ari dira Arrasaten eta baita Orion ere. "Saneamendu sare barnean Smart Trap deituriko makina bat jarri dute, mugimendu eta tenperatura sentsore bat duena.
Hala, arratoia makina azpitik igarotzen denean kolpe hilkor bat ematen dio, momentuan heriotza eraginez.
Teknika berri honen onurarik nabarienetakoa, makinak ematen duen feedback-a da. "Kolpe bat ematen duen bakoitzean, informazioa heltzen zaigu, eta datu fidagarriak ematen dizkigu arratoien aurkako eragiketak zenbatzeko" azaldu du Oscar Garciak.
Hala ere, Smart Trap makina ez da bakarrik ari arratoien aurkako borrokan. "Makinaz gain, enpresa berri honek ere biozidak ere erabiltzen ditu, orain arteko enpresek bezala. Nabarmendu nahiko nuke modu ekologikoan ekoiztutako biozidak direla erabiltzen ari garela, Orozkon kokatutako enpresa batek eginak" azaldu du Garciak. Pozoi poltsatxo hauen kontsumoaren kontrola 15 egunean behin egiten da.
Kosterik gabe
Udal Gobernuak proposatutako enpresa aldaketek, ez dute gain-kosterik eragin. "CESPA enpresarekin daukagun kale-garbiketa kontratuaren barruan egin dira aldaketak, CESPAren oniritziarekin uneoro".