Jorge Davila, Mondrako entrenatzailea: "Konfiantza handia dugu jokalari hauengan"

Jorge Davila eta Ander Romero.

Etxeko entrenatzaileen aldeko apustua egin du Mondrako zuzendaritzak, eta gauza positiboetako bat da gutxik ezagutzen dutela Jorge Davilak (Arrasate, 1978) eta Ander Romerok (Arrasate, 1987) moduan Mondrak zer duen beheko kategorietan.

Etxeko entrenatzaileen aldeko apustua egin du zuzendaritzak. 

Poztekoa da, urte hauetan egindako lanaren saria da; gure lanak jarraipena izango du.

Zer eskatzen diozue urteari? 

Lesio gabeko urtea izan dadila, lanean jarraipena izateko ezinbestekoa da hori.

Zuzendaritzatik adierazi dute aspaldiko ametsa dela Hirugarren Mailan jokatzea. Anbizioa beharrezkoa da, baina hankak lurrean. 

Gure eginbeharra da taldea goian egon ahal izateko lana egitea, hori bermatzea; ligako azken txanpa iristen denean taldea borroka horretan sartuta izateko egunerokoan egin behar da lan.

Taldea utziko dutenen artean daude Ander Ruiz, Iker Uribarren eta Beñat Corcuera –futbola utziko dute–, Julen Etxaniz Eibarrera bueltatuko da, eta Mikel Aizpurua Beasainek fitxatu du. 

Baja garrantzitsuak dira, zalantza barik, baina gainontzeko jokalariengan konfiantza handia dugu. Daukagun taldearekin uste dut gauza politak egin genitzakeela.

Taldea nonbaiten indartzeko beharra ikusten duzue?

Egon gara Josu Etxebarriarekin horretaz berbetan, eta atzeko lerroa indartzeko beharra ikusten dugu. Jokalari batzuk orain dabiltza lesioetatik errekuperatzen, eta inor kanpotik ekarri aurretik etxean daukaguna baloratu behar dugu.

Hori du ona Mondrako beheko taldeetan ibili izanak. 

Bai, klubean zer daukagun ondo ezagutzen dugula. Baliteke harrobitik gatozen entrenatzaileok beste sentsibilitate bat izatea harrobiarekiko.

Zer nolako Mondra ikusiko dugu irailetik aurrera?

Baloiaren jabetza izatea gurako genuke, baloiarekin gozatzea. Eta, berau galtzerakoan lehenbailehen errekuperatzea. Ausart jokatu gura dugu, akaso ausartegi hasiko gara eta ondoren taldeak eta kategoriak erakutsiko digute zein izan behar den gure eboluzioa.

Erlazionatuak

Kirol arloan urte positiboa, ekonomikoan zor barik

Arrasate

Urteko batzar orokorra egin zuen Mondrak atzo, eguaztena. Zuzendaritzak aurrera egingo du, Ramon Azkarate buru. Kirol ikuspuntutik Josu Etxebarria ...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.