Kirol arloan urte positiboa, ekonomikoan zor barik

Urteko batzar orokorra egin zuen Mondrak atzo, eguaztena. Zuzendaritzak aurrera egingo du, Ramon Azkarate buru. Kirol ikuspuntutik Josu Etxebarria kirol zuzendariak positibotzat jo zuen denboraldia eta arlo ekonomikoan ere urte ona izan da: "Gaur esan dezakegu Mondrak ez duela inolako zorrik".

Mondrako batzarrean zuzendaritzak eman zuen albiste pozgarrietako bat izan zen Mondrak ez duela zorrik. Iaz 7.500 euroko zorrak zituen klubak, eta aurtengo ikasturtean egindako ahaleginari esker kontuak garbi ditu talde zuri-moreak. Kirol arloari buruz, Josu Etxebarriak positibotzat jo zuen urtea, harrobiarekin egiten dabiltzan lana bide onean delako: "Hainbat balore sustatu gura ditugu txikienen artean, eta futbola erraminta egokia da horretarako", adierazi zuen. Horrekin batera, klubeko hainbat taldek egindako urte ona azpimarratu zuen, emakumeek Gipuzkoako Kopa irabazi dutelako, esaterako. Baina, kadeteek ohorezko maila galdu izana ezkutatu barik: "Dena ez da ona izan, baina lanean jarraituko dugu maila hori errekuperatzeko". 

Kanpoko taldeen eskaintzak

Halako taldeen gorabeherak normalak izaten dira, futbola da, azken batean. Eta gauza bera gertatzen da hurrengo gaiarekin, lehenengo taldeko jokalariak jasotzen dabiltzan eskaintzekin: Beasaindik, Real Unionetik... Talde boteretsuagoen eskaintzak jaso dituzte hainbat jokalarik, eta normala da. Eskaintza horien aurrean guk ezer gutxi egin dezakegu, Mondran jokatzeagatik ez dugulako dirurik ordaintzen. Baina, egia da halakoekin zaila dela talde moduan haztea eta helburu zorrotzagoengatik borrokatzea".

Bada, taldea utziko dutenen artean daude Ander Ruiz, Iker Uribarren eta Beñat Corcuera –futbola utziko dute–, Julen Etxaniz Eibarrera bueltatuko da, eta Mikel Aizpurua –Beasainek fitxatu du–. "Baja nabarmenak dira, igarri egingo dugu euren hutsunea baina konfiantza handia dut talde honengan", adierazi zuen Jorge Davilak. 

Zuzendaritzak jarraitu egingo du, beste urtebetez

Egungo zuzendaritza taldeak beste urtebetez jarraitzeko konpromisoa hartu zuen, Ramon Azkarate buru: "Ez nuke nahi postu honetan betikotzea. Ez da klubarendako ona, jende berria etortzea izango litzateke positiboena. Nik beste urtebetez jarraituko dut Mondraren alde lanean, baina uste dugu erreleboa etorri behar dela atzetik".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.