Makalaren jatorria eta mitoa

Xabi Gorostidi 2017ko eka. 21a, 21:00

Noizbait galdetu diozue zuen buruari, zer dela eta jartzen den San Juanetan makala Herriko Plazan? Edo inork lortu al du inoiz goraino igotzea? Artikulu honetan topa ditzakezue bi galdera horien erantzunak.

Jakina den legez, ekainaren 24a solstizio eguna da. Une horretan eguzkia kantzer tropikoarekin perpendikularrean lerratzen da, urteko punturik altuena hartuz. Puntu horretan urtaroak banatzen dira, ipar hemisferioan uda hasten da, eta hego hemisferioan, aldiz, negua.

Puntu konkretu hori oso garrantzitsua izan da nekazaritza munduan, eta kristau garai aurreko tradizioa da. Eguzkia eta uraren inguruko erritualak egiten ziren garai horretan, nekazaritza bi faktore horien arteko erlazioaren emaitza gisa ulertzen zutelako.

Ostean, kristauek data konkretu hori San Juan Bautistaren jaia egiteko baliatu zuten. Hala ere, Euskal Herriko leku askotan egun horretan, Herriko Plazan landare bat sartzeko ohitura dago, nekazaritza munduan lan egiten dutenentzat egun adierazgarria delako.
Horren adibide dira; Nafarroan Bera eta Igantzi, Araban Agurain, eta Gipuzkoan Oiartzun, Zegama eta Ataun.

Makala igotzea lortu duen bakarra

Urtero jartzen den makalak, ikurrina bat izan ohi du goi aldean, eta hura harrapatzen ahalegindu izan dira arrasatear asko eta asko. Baina goraino igo eta ikurrina hartzea lortu duen  bakarra Jon Arantzeta da, egun Leitzan bizi den arrasatearra.

"Duela 13-14 urte izango zen. San Juan jaietako gau batean, lagun batzuk esan zidaten goraino igo eta ikurrina hartuz gero, ez dakit zenbat mila pezetatako saria zegoela, eta di-da batean enborra igotzen hasi nintzen. Azkar batean lortu nuen ikurrina zegoen tokiraino heltzea, baina ezinezkoa zen ikurrina askatzea. Grapatuta zegoen eta esfortzu handia egin behar izan nuen enborretik askatzeko. Ematen nizkion tirakadekin, makalaren goi aldea mugitzen hasi zen alderik alde, eta bai nik eta bai behean zeuden lagunek tentsio uneak pasa genituen. Baina azkenean helburua lortu nuen eta nire saria eskatzera joan nintzen jarraian".

Irudia: Arantzetak etxean enmarkatuta gordetzen duen argazkiari aterako argazkia.

Baina Arantzetaren atsekaberako, ez zegoen inongo saririk. "Garai horretan udaltzainen egoitza Herriko Plazan zegoen, eta zuzenean joan nintzen bertara merezitako saria eskatzera. Baina nire harridurarako udaltzainek esan zidaten ez zegoela inongo saririk udalaren partez. Mito bat omen zela. Hori bai, hurrengo urtean arantzadun alanbrea jarri zuten makalaren goia aldean, inor igo ez zedin". Hala ere, urte horretan berriz igo zen, oraingoan larrialdi batek eraginda. "Makala igotzerakoan, soka bat trabatuta geratu zen, eta ni igo nintzen hori konpontzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak