Jokin Zaitegi itzulpen sariaren emaitza aurkeztu da: 'Gerrak ez du emakume aurpegirik'

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mai. 30a, 18:13
Xabier Mendiguren, Itxaro Artola, Iker Sancho eta Maria Ubarretxena liburuaren aurkezpenean. (Argazkia: Elkar)

Jokin Zaitegi itzulpen sariari esker, euskaraz irakurri ahalko da Svetlana Aleksievitx-en Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua (Nobel saria 2015). Gaur egin dute liburuaren aurkezpena Iker Sancho itzultzailea eta sariaren irabazleak, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, Itxaro Artola AEDko ordezkariak eta Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak.

2016an, Jokin Zaitegi itzulpen saria irabazteko aurkeztu zirenen artean Iker Sancho izan zen hautatua. Itzultzeko aukeratutako liburua, Svetlana Aleksievitx idazleak errusieraz argitaratu zuen Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua izan zen. Orain, Iker Sanchoren lana eta Jokin Zaitegi sariari esker, euskaraz irakurri daiteke liburua. Iker Sancho lazkaotarra Eslaviar Filologian doktorea da. Honetaz gain, Moskuko Lomonosov unibertsitatean euskarazko irakurlea izan zen, eta gaur egun itzulpengintza irakaslea da EHUren Letra Fakultatean.

Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak, Arrasateko Udalaren laguntzari esker, eta Elkar argitaletxearekin elkarlanean, 2016an berreskuratu zuen Euskal Herri osoan ezaguna den Jokin Zaitegi itzulpen beka. Izan ere, 2012 eta 2016 bitartean, ordu arte babesle nagusia zen Kutxa Fundazioak laguntzeari utzi eta gero, finantzaketa arazoak izan baitzituzten.

'Gerrak ez du emakume aurpegirik': Erreseina

Gerra imajinatzean, gizonezko soldaduak datozkigu berehala gogora, baina ia milioi bat izan ziren II. Mundu Gerran parte hartu zuten emakume sobietarrak: mediku eta erizainak, frankotiratzaileak, tanke-gidariak, gerrillari partisanoak... Egunka lekukotasun bildu ditu egileak, haien oroitzapenak eta inpresioak biltzeko, ez kazetarien ohiko galde-erantzunekin, baizik eta konfiantza emanez, lasai hitz egin dezaten. Jasotako erretratuak antz gutxi du historiografia ofizialaren heroitasunarekin: hor ageri dira gosea, beldurra, hotza, zauriak eta oinazea... baina baita ere beste nesken elkartasuna, gizonezkoen laguntza edo gutxiespena, etsaienganako gorrotoa edo errukia... Bizitzaren eta heriotzaren arteko hari gainean dantzan, gizatasun sakon baten taupadak helarazten dizkigu, zirraraz eta dardaraz.

1984an argitaratu zen liburu hau lehenengoz, Gorbatxoven garaiko Perestroikaren irekidurari esker, baina hainbat zati zentsurak eta autozentsurak estali edo moldatu zituzten. 2002an berridatzi zuen Aleksievitxek bere lana, lehenago ezabatutako pasarteak sartuz, eta are nabarmenago geratu ziren horrela bai gerraren krudelkeria, bai hura nozitu zuten emakume guztien handitasuna.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak