2012. urtean antolatu zuen AED elkarteak Elkar argitaletxearekin elkarlanean azkenekoz Euskal Herri osoan ezaguna den itzulpen sariketa, ordura arte lehiaketaren babesle nagusia zen Kutxa Fundazioak laguntzeari utzi eta gero.
Hala, Arrasateko Udalak, euskararekin eta euskara sustatzearekin "duen konpromisoari helduta", sariketa berriro abian jartzea ahalbidetu du, hurrengo lau urteetan beka deitu ahal izateko diru-laguntza emateko konpromisoa hartuz eta AEDrekin horretarako elkarlan hitzarmena sinatuta.
Elkarlana sakontzeko asmoa
Jokin Zaitegi sariketari laguntzeaz gainera, hitzarmenak AED eta Arrasateko Udalaren arteko elkarlana sakontzea eta areagotzea du helburu.
AEDko presidenteak eskertu du Udala hitzarmenaren bitartez sariketari etorkizunerako arnasa emateagatik. Era berean, alkateak AED elkarteak egindako lana eta ekarpena baloreaz jartzeaz gainera, nabarmendu du Udalak ezinbestekoa duela herriko eragileekin elkarlanean jardutea.
Apirilaren 25a baino lehen
Aurtengoa, 27. edizioa da. 2001. urtean jauzi kualitatibo garrantzitsua eman zuen lehiaketak, Literatura Nobel saridunen obra euskaratzeko helburua hartuta.
2015ean Svetlana Aleksievitx Bielorrusiako idazleak eskuratu zuen Literatura Nobel saria; haren U Voiny ne zhenskoe litso (Gerrak ez du emakume aurpegia) liburua itzuli beharko du aurtengo irabazleak. Parte hartu gura dutenek antolatzaileek aukeratutako lagina eskuratu eta itzuli egin beharko dute apirilaren 25a baino lehen. Jatorrizko lagina eta lehiaketarako oinarriak aedelkartea.eus eta elkarargitaletxea.eus/jokinzaitegi atarietan eskura daitezke.