Harreman Dendaren kanpoaldean, Arrasateko Hiper Eroskiren sarreran, bidezko merkataritzako txokolatea dastatzeko aukera egongo da goizez eta arratsaldez -10.00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara-.
Aldi berean, Kakaoaren atzetik dagoen "alde iluna" ere ikusiko dela jakinarazi dute Harreman dendatik. Batez ere, Afrikako eta bereziki Costa de Marfileko kakao plantazioetan ematen den haurren lan-esplotazioan jarri nahi da fokua. Harreman dendatik jasotako informazioaren arabera, Nazio Batuen Erakundeak Tulaneko Unibertsitateari eskatutako ikerketa baten datuen arabera Costa de Marfileko Kakao plantazioetan 5 eta 17 urte bitarteko 1.150.000 haur daude lan-esplotazio egoeran, 2008an baino %46 gehiago.
2001ean, arazo hau azaleratu zenean, txokolate sektorea kontrolatzen duten korporazio handiek Harkin-Engel Protokoloa sinatu zuten AEBetan. Ostean, 2005ean, 2008an eta azkenik 2010ean, protokoloa berretsi eta akzio-plana adostu ziren. Akordio hauetan kakao plantazioetako haurren lan-esplotazioarekin bukatzeko konpromisoa hartu zuten kakao-ekoizle handienek. Hala ere, Harreman Dendaren arabera, "epeak pasa dira eta egoera hobera joan beharrean, okerrera egin du". Arazo hau ikusarazi eta salatu nahi dute Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko egunean, horretarako txokolate-dastaketaz baliatuko dira.
Bidezko merkataritzaren Lagun ziurtagiria
Aurreko urtean Arrasatek Bidezko Merkataritzaren aldeko hiria ziurtagiria lortu zuen, programaren irizpideak betetzen zituelako. Baina bertako Talde-eragileak bidea egiten jarraitu nahi dute, helburu berdinarekin; herritarrei bidezko merkataritzaren ikuspegia eta bere kontsumoaren beharra helaraztea.