Gazteen alokairuak %50eraino finantzatzeko diru laguntzak gertu daude

Xabi Gorostidi 2017ko mar. 28a, 12:29

2017ko diru-laguntza lerroak aurkeztu dituzte Maria Ubarretxenak eta Ander Garaik, bi berritasun nabarmenduz; gazteei etxetik joaten laguntzeko diru-laguntzak, eta lanbide heziketako ikasketak finantzatzeko diru-laguntzak. Alokairuen kasuan, %50era heldu daitezke, 250 euroko topearekin.

Aurtengo diru-laguntza irekiak aurkezteko agerraldia egin dute Maria Ubarretxena alkateak eta Ander Garai gazteria arloko zinegotziak. Guztira 24 diru-laguntza lerro izango dira, 10 sailetan banatuta, eta horiek finantzatzeko aurrekontua 780.224 eurokoa izango da.

Aurkezpenean ordea, aurtengo bi berritasun azaldu dituzte Udal Gobernuko kideek; gazteei etxetik joaten laguntzeko diru-laguntzak, eta lanbide heziketako ikasketak finantzatzeko diru-laguntzak. Bakoitzarentzako, printzipioz, 30.000 euroko partida aurreikusten da, nahiz eta beharren arabera handitu daitekeen.

Etxetik joaten laguntzeko diru-laguntza

Hainbat baldintza bete beharko dira hauek jasotzeko, baina kasurik hoberenean alokairuaren %50era iritsi daitezke, 250 euroko topearekin. Laguntzen portzentaia, diru-sarreren araberakoa izango da.

Bete beharreko baldintzak:

  • 18 eta 35 urte bitartean izatea.
  • Alokairu kontratua izatea.
  • Alokairua 600 eurotik beherakoa izatea.
  • Arrasaten guztira 10 urtez erroldatuta egon izana, azken bi urteak jarraian.
  • Propietatean etxebizitzarik ez izatea (salbuespen bat dago herentzien kasuan)
  • 3.000 eta 28.000 euroko diru-sarrerak izatea.
  • Udaleko zerga, tasa eta zehazpenen ordainketak egunera izatea.

Plan hau aurkeztu aurretik alokairuan dauden arrasatearrek bi hilabeteko epea izango dute urtarriletik ordaindutako kuoten dagokien laguntza jasotzeko. Hori egin ezean, eskaera egiten duten momentutik urte amaiera bitartera jasoko dute. Hemendik aurrera sinatzen diren alokairu kontratuek ere, eskaera egiten duten momentutik aurrera jasoko dute laguntza.

Ander Garaik azaldu duenez, helburu nagusia gazteei etxetik joateko bultzada ematea da. Baina horrez gain, merkatu beltzean kontraturik gabe dauden alokairuak gutxitzea ere lortu nahi da, eta era berean, etxeen jabeek 600 eurotik beherako prezioak jarri ditzaten bultzatu nahi du neurriak.

Azken lau hilabetetan landutako neurri hau diseinatzeko Oñatiko, Durangoko eta Legazpiko ereduak jarraitu dituzte. Horrez gain, Arrasaten alokairuan dauden etxebizitzen merkatua aztertu dute, horren araberako zifrak ezartzeko. "Oso zaila da kalkulatzea Arrasaten zenbat gazte dauden etxetik joateko gogoz. Beraz, diru laguntza honen zenbatekoa zehazteko orduan, Arrasaten alokairuan dauden etxebizitzen kopurua izan dugu oinarrian".

Lanbide Heziketarako diru-laguntzak

Aurtengo beste berritasun bat, lanbide heziketako ikasketa arautu eta ez arautuak finantzatzeko sortutako da. Langabezian dauden 25 urtetik gorako arrasatearrek, era honetako ikasketak egitea erabakiz gero, laguntzak izango dituzte honako gastuak finantzatzeko:

  • Matrikulak ordaintzeko.
  • Liburu eta bestelako ikas-materialak ordaintzeko
  • Garraioarekin lotutako gastuei aurre egiteko.

%75erainoko diru laguntzak izango dira 1.000 euroko topearekin. Kurtsoa amaitzerakoan ordainduko lirateke, betiere, klaseak %80ko asistentzia mailarekin jarraitu diren kasuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak