Giza katea gaur, tortura salatu eta "gatazka politikoaren kontakizun osoa" aldarrikatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ots. 13a, 12:43
Tortura salatzeko duela gutxi Araba etorbidean egin den murala. Argazkia: MuralArt.

Torturaren Aurkako Eguna da gaur, otsailak 13, eta horren harira, Arrasateko Sortuk giza katea antolatu du gaurko, Herriko Plazatik irtenda (19:00). Arrasaten "40 torturatu baino gehiago" egon direla salatzeko eta "memoria historiko osoa" idatzi beharra dagoela aldarrikatzeko ekitaldia izango da.

Jarraian, Arrasateko Sorturen oharra osorik:

"Otsailak 13, Torturaren Aurkako Eguna Euskal Herrian. Gaurko egunez, duela 36 urte, Joxe Arregi hilik agertu zen polizia-etxean torturak jasan ostean. Euskal Memoria fundazioak berretsitakoaren arabera, 1960. urtetik, gutxienez 5.657 kasu izan dira Euskal Herrian (Euskal Autonomi Erkidegoan). Horietatik 40 kasu baino gehiago arrasatearrek pairatu dituzte.

Euskal Herrian arrazoi politikoengatik egondako atxiloketen %78an tortura kasuak frogatu dira beraz. Tortura kasu horiek inpunitate osoz Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren edota Ertzaintzaren eskutik jasandakoak izan dira.

Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoan mota askotako bortizkeriak existitu dira eta existitzen dira. Bortizkeria mota horietako bat izan da torturarena. Azken 50 urteetan arrazoi politikoak medio izandako atxiloketetan tortura modu sistematikoan erabili da, eta helburu argia izan du, independentismoak aurrera egitea oztopatzea.

Torturatuak izan diren 5.657 euskal herritarrak, estatuaren bortizkeriaren biktimak dira eta eurak ere aitortuak izan behar dira, eta ondorioz, erreparazioa zor zaie.

Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetzarako departamenduaren eskutik torturari buruzko ikerketa sakona egitea eskatua du. Paco Etxeberria forentse ezaguna da ikerketaren burua. Aldiz, txostena 2016ko abenduan aurkeztekoa baziren ere, atzeratzen ari dira data. Oso esanguratsua da Ertzaintzaren tortura kasuen gaia Sortuk mahai gaineratu izan duenean, Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu izan duen jarrera bortitza.

Espainiako Gobernuaren aldetik ere antzeko lanekiko boikota etengabekoa da, epaitegietan Eusko Legebiltzarrean onartutako legeak konstituzionalean errekurrituz. Orokorrean, garaile eta garaituen eskemari jarraituz, ez dute gaia azaleratzeko inolako intentziorik. Espainia Zuzenbide Estatuan dela eta beraz, torturaren existentzia ukatzen da. Kasuren bat ateratzen bada, salbuespena dela eta gaia ikertuko dela esaten da. Normalean artxibatuta bukatzen dute.

Euskal Herriak bake osoa nahi eta behar du. Bake iraunkorra izateko, beharrezkoa da garaile eta garaituen eskema alboratzea eta eskubide guztiak pertsona guztientzat eskema aplikatzea.

Horrekin guztiarekin, Euskal Herriko gatazka politikoaren kontakizun osoa idatzi behar da. Eta Arrasaten ere Memoria historiko osoa idatzi beharra daukagu. Horretarako, ezinbestean estatuaren torturen biktima diren euskal herritarren aitortza eta erreparazioa behar ditugu eta praktika horiek ez errepikatzeko bermea exijitu behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak