Tortura kasuen inguruko "ikerketa sakona" eskatu du EH Bilduk Torturaren Aurkako Egunean

Arrasateko EH Bilduk ere publikoki gaitzetsi gura du tortura gaur, otsailak 13, Torturaren Aurkako Egunean. "Arrasaten ere tortura kasuak" bizi izan dituztela jakinarazi dute eta erakundeei eskatu diete "tortura kasuen inguruko ikerketa sakon bat bultzatzea".

Hona EH Bilduren oharra osorik:

"Torturaren salaketa eta honen aurkako jarrera egunerokoa izan behar bada ere, beste injustiziekin gertatu ohi den moduan, garrantzitsua da gaur bezalako egun batean praktika hauen gaitzespena publikoki agertzea. Izan ere, asko izan dira Euskal Herrian torturatuak izan direnak. Pasa berri den urtean, Paco Etxeberriak eta Euskal Memoria Fundazioak 5.000 tortura kasu baino gehiago identifikatu dituzte. Datu hauek nazioartean onartuak daude, izan ere, internazionalki torturak identifikatu eta aitortzeko erabiltzen den Istanbul Protokoloaren bidez eginak daude.

Datu hauek torturaren praktika sistematikoa izan dela adierazten dute, atxilotu eta inkomunikazio egoeran egon bitartean gertatutakoak. Gainera, estatu espainolak tortura kasuak ikertzeko ekimen guztiak zapuzten saiatu da, eta gaur egun ere milaka kasu daude ikertu gabeak.

Torturaren ondorioei so egiten dugunean, gehienetan ondorio fisikoei erreparatzen diegu. Hauek, ondorio fisikoak, gehienetan agerikoak izan ohi dira eta laster edo beranduago desagertzera doaz, baina ondorio psikologikoak urte luzez irauten dute; hauek erreparatzeko borondate instituzional nabarmena atzeman daitekelarik.

Tortura kasuak Euskal Herri osoan bizi izan ditugu, eta Arrasate ez da salbuespen bat izan. Arrasaten urte luzeetan zehar bizi izan ditugu atxiloketetan tortura kasuak salatu dituzte atxilotuek, justizia espainolak ikertu ez badu ere.

Horregatik, ezinbestekoa dugu instituzioetatik tortura kasuen inguruko ikerketa sakon bat bultzatzea. Kasuak identifikatu eta aitortzeaz gain, sortutako minaren erreparaziorako beharrezkoak liratekeen laguntzak martxan jarri beharra dago, torturatuak euskal gatazkaren biktimak ere badirelako.

Zentzu honetan, garrantzitsua ikusten dugu memoria kolektibo bat aldarrikatzea, integratzailea, inklusiboa eta demokratikoa, non memoria etorkizunera begira eraiki behar den, gatazkan sufritutakoak inoiz gehiago gertatu ez daitezen.

Azkenik, EH Bilduko kideok, herrian deitu diren ekimen ezberdinetan parte hartuko dugu, eta dei egin nahi diegu Arrasatearrei ekimen horietan parte hartzera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.