Ehiza da basurdeen populazioa kontrolatzeko erabiltzen den neurria eta iaz, esaterako, Gipuzkoan 1.300 basurde ehizatu ziren. Hala ere, basurdeen populazioak gora egiten jarraitzen du eta baserritarrak kexu dira kalteak etengabe jasotzen ari direlako.
Egoera hori salatzeko, Arrasateko Udala auzoan herriko baserritarrek, eta Gipuzkoako EHNE eta ENBA sindikatuek agerraldia egin dute. Bertan adierazi dute basurdeen kalteak jasaten dituztenak, baserritarrak eurak direla.
Basurdeek belardietan egiten dituzten muturkarek ekartzen dutena da soro hori behar bezala konpondu beharra egotea, eta diote hori ez dela gauetik goizera egiten den zerbait. Gainera, ez dute bermerik egindako lanak iraungo duenik, basurdeak behin eta berriz joaten zaizkielako. Hori gutxi balitz, negurako bazka izateko biltzen den belarra, belardietan biltzen ez bada, erosi egin behar izaten dutela ere azaldu dute, eta gaineratu horrek kalte ekonomiko zuzena dakarrela, besteak beste.
Hitzarmena
Basurdeen gainpopulazioaren kontrola egiteko Diputazioak eta Ehiza federazioak hitzarmen bat dute sinatuta. Hitzarmen horretan protokolo bat zehazten da kalteen parte bat jaso bezain laster, martxan jarri beharko litzatekeena, baina diote zoritxarrez ez dela jartzen.
Protokoloa, gainera, zaharkituta dagoela diote eta EHNEk azken urtetan berrikusi behar dela etengabe errepikatu du Diputazioan. Diote proposamenak mahai gainean jarri dituztela, baina ez dagoela horri heltzeko borondaterik. Horregatik protokoloa berrikustea eta basurdeen gainpopulazioa kontrolatzea eskatu dute.