Kale garbiketa zerbitzua, parte hartzea eta gardentasuna, eztabaida iturri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ots. 8a, 09:09

Atzo, otsailak 7, egin zen 2017ko lehen osoko bilkura Arrasaten. Hasieratik izan zen eztabaida, kale garbiketa zerbitzuaren esleipena dela-eta. Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) proposamenaren aurrean kontra bozkatu zuen oposizio guztiak (EH Bildu, Baleike eta Irabazi). Zerbitzuaren urteroko aurrekontua da 1.550.000 euro (BEZ barne) eta lau urteko kontratua aurreikusten da, urte bateko beste bi epez luza daitekeena.

Kale garbiketa zerbitzuaren kontratua berritzeko pleguak onartu egin ziren gobernuaren aldeko botoekin, baina oposizioko talde guztiek kontra bozkatu zuten. Zerbitzu hori Udalak bere gain hartzea eskatu zuen oposizioak eta gobernuak konpromisoa hartu du zerbitzu hori berriro udalekotzeak suposatuko zukeen gastua aztertzeko. Bestalde, Baleikek gardentasunaren eta parte hartzearen inguruan aurkeztutako mozioak ez ziren onartu, eztabaida sutsua izan ostean.

Bilkura luzea eta eztabaidaz jositakoa

Osoko bilkura luzea eta eztabaidaz jositakoa izan zen atzokoa, urteko lehena. Desadostasuna eragin zuten gaien artean, kale garbiketa zerbitzua nabarmendu beharra dago. Zerbitzuaren kontratua berritzeko pleguetan hainbat aldaketa proposatzen ditu gobernuak, adibidez, pertsonal eta makinaria gehiago kontratatzeko baliabideak jarriko direla, markesinak eta autobus geltokiak, autoendako garbigunea eta hiri-altzariak garbi mantenduko direla eta pasabide zein arkupeak garbitzeko maiztasuna areagotu egingo dela.

Zerbitzuaren urteroko aurrekontua da milioi bat bostehun eta berrogeita hamar mila eurokoa, BEZ barne. Lau urteko kontratua aurreikusten da, urte bateko beste bi epez luza daitekeena. Oposizioko talde guztiek gobernuaren proposamenaren aurka bozkatu zuten.

Kale garbiketa zerbitzua ematea, gobernuaren "obligazioa"

Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko buru Oscar Garciaren arabera, zerbitzu hori berriro ere udalekotzeko azterketa egin beharra dago eta Udalarentzat onuragarria den ikusi: "Konpromisoa hartzen dugu azterketa hori egiteko. Ideologiaz bustitako dialektika oso ondo dago, titular asko ematen dituzte eta gure artean eztabaidak eragiten dituzte. Baina ezin dugu ahaztu gure obligazioa dela gobernutik biztanleria osoari behar den moduko zerbitzua ematea".

Bost mozio

Bestalde, bost mozio izan ziren atzo mahai gainean. EH Bilduk etxegabetzeen kontra eta Irabazik Saharako herriaren aitortzaren alde zein pobrezia energetikoaren aurka aurkeztutakoak aho batez onartu ziren. Aldiz, Baleikek udal kudeaketa gardenaren eta herritarren parte hartze zuzena sustatzeko mozioak ez ziren onartu. Eztabaida sutsuak izan ziren azken bi gai horietan.  

Erlazionatuak

Otsailaren 7ko osoko bilkura Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017 ots 08 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak