Azpiazuk nabarmendu du etorkinak behartuta etortzen direla Arrasatera, bizi-baldintzak hobetzera: "Eurek esfortzu txiki bat egin behar dute integratzeko baina herritarroi ere badagokigu eurenganako hurbiltasun minimo bat adieraztea".
Harrera prozesua erroldatik hasiko litzateke. BAZen erroldatu ostean, udal baliabideen gida banatuko zaio euskaraz eta bigarren hizkuntza baten. Zergatik euskaraz? Sustatzaileek kohesiorako tresna garrantzitsu moduan ulertzen dutelako. Gida hori arabieraz, urdueraz, ingelesez eta gazteleraz irakur daiteke. Horrez gain, Topagunearen oinarrizko hiztegia ere banatuko zaio eta, azkenik, harrera zerbitzura bideratu. Harrera zerbitzu hori Ekin Emakumeak Elkarteak kudeatzen du. "Hainbat urtetan aniztasunaren eta integrazioaren gaia lantzen ari da Ekin, eskarmentu handikoa", adierazi du aniztasun teknikari Tamara Perezek. Ekinetik beste elkarte edo Udaleko sail zehatzetara bideratuko dira etorkin horiek.