A eta B mailako aitortzak
Sarituen artean, bi mailatako aitortzak eman dituzte jasotako puntuazioaren arabera. Bederatzi horietatik bostek jaso dute maila gorenekoa eta beste laurek, aldiz, B mailakoa. Hauek dira aitortza jaso duten taldeak: Jariakinen mekanika, material konposatuak, konformazioa, makina elektrikoak, sistema xurgatuak, diseinu mekanikoa, errendimendu handiko mekanizatua, sistema adimendunak eta energia.
"MGEP barruan hamasei ikerketa talde daude, eta horietako bederatzik jaso dute bikaintasun aitortza. Printzipioz A mailako aitortzak kalitate gehiagorekin lan egiten denaren seinale dira, eta orokorrean finantziazio partida bat edukitzen dute. B mailakoen kasuan, ez dute finantziaziorik jasotzen, baina Eusko Jaurlaritzak ikerketara bideratzen dituen diru-laguntzak jasotzeko lagungarriak dira, nolabait esatearren, kalitate maila bat duzula bermatzen duelako" azaldu du Laurentzi Aretxabaleta polimero eta compositen teknologiaren ikerketa taldeko koordinatzaileak.
Ikerketa kolaboratibo eredua
MGEPko hamasei ikerketa taldeek Ikerketa kolaboratzaile eredua darabilte. Inguruko enpresen eta erakundeen beharrak asetzera bideratzen da, eta hainbat emaitza arrakastatsu eman ditu.
"Guk enpresa askorekin batera egiten dugu lan. Adibide bat jartzearren, aspalditik gabiltza Irurena enpresarekin elkarlanean. Pultrusioan oinarritutako fabrikazio prozesu berri bat garatzeko eskatu ziguten. Proiektu txiki batekin hasi ginen hasieran, baina pixkanaka eboluzionatzen joan gara eta gaur egun Europa mailako proiektu garrantzitsu batean sartuta gaude. Horretaz gain beste puntako enpresa batzuekin ere ari gara elkarlanean, Fagor Arrasate edo CIE Automotive kasu" azaldu du Aretxabaletak.