Udaleko sarrera erregistroa egitea, kexak zein iradokizunak jasotzea, galdutako objektuak biltzea, autobuseko ordutegiak edo olio poteak moduko udal materiala banatzea, hondakinen bulegoko tramiteak egitea, TAO sistemaren barruan egoiliarren txartela berritzea, Udaleko zein udalerriko informazio orokorra banatzea…
Askotariko zerbitzuak
Hainbat eta askotarikoak dira Arrasateko Biztanleen Arreta Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuak. Horregatik, gaur egun pentsaezina litzateke Arrasateko Udalak ez izatea BAZ moduko gune bat. Baina, atzera eginda, zertarako sortu zen? "Herritarrei zerbitzu hobea emateko sortu zen. Udalaren lana arintzeko egin zen, udaletxetik kanpo zerbitzu irisgarrria eskaintzeko; askotariko zerbitzuak ematea izan zen asmoa, leihatilez leihatila joan beharrean leku berean egitea tramite guztiak", adierazi du Edurne Muxika arduradunak.
Egunean lau edo bost kexa
Zerbitzu erabiliena da Udaleko sarrera erregistroarena, eta horrez gain erabilienen artean daude, obra txikietarako lizentziak eskatzea, hilerriko zerbitzu orokorrak, galdutako objektuak jasotzea…. Kexak eta iradokizunak ere egunerokoen artean daude, eta bataz beste egunean lau edo bost kexa jasotzen dira. Herritarrak BAZen bertan, telefono bidez, idatziz, online edo posta elektronikoz helarazi dezake kexa.
200 herritar egunero, bataz beste
Orain, urte hasiera dela-eta TAO txartelen berritzearekin dabiltza buru-belarri eta baina urtean zehar, astelehenetik egubakoitzera, egunero 200 herritar pasatzen dira BAZetik bataz beste. Zapatutan, berriz, 45 bat herritar pasatzen dira egunero.
Telematikarako jauzia
Aurrera begira, urte berezia izango da 2017a. Ezinbesteko erronka bati egin beharko diote aurre, zerbitzua telematizatu egingo dute laster.