Pasa den astean arrasatearren artean WatsAppez bolo bolo ibili den bideoa moskeo kanpaina bat izan dela argitu dute gaurko aurkezpeneko deitzaileek, herritarren interesa pizteko asmoz martxan jarritakoa.
AEDk, Txatxilipurdik eta Ekin Emakumeak-ek Arrasate "gero eta euskaldunagoa" izan dadin "indarrak batzeko gonbidapena" luzatu diete mondragoetarrei. Azaldu dute jakin badakitela hainbat herritar badabiltzala, "nork bere erara", euskararen alde lanean. Horregatik, diote euren desira "bide horretan eskutik joatea" litzatekeela.
Gogoratu dute euskara elkarteak herritik jaio zirela, 1983an AED elkartea sortu zenean, eta ondoren, hurrengo hamarkadan, Ekin Emakumeak eta Txatxilipurdi eratu ziren, besteak beste, bakoitza bere arloan euskararekin konprometituta. Bada, nabarmendu dute orduko espiritu berarekin segitzen dutela lanean gaur egun ere: "Herritik, herriarentzat eta herriarekin".
Nola hartu parte
Zurekin Arrasate Euskaldunago kanpainak arrasatearren atxikimendua lortu nahi du, eta horretarako hainbat bide daude. Bazkide bilakatu eta urteko kuota ordaintzea da horietako bat -urtean 58 euro-. Bestela, baina, norberak bere aukeren arabera erabakitako diru kopurua emanez ere lagundu dezake ekonomikoki.
Dena den, ekarpen ekonomikoaz gain, elkarteon kide izateko beste hainbat modu ere badaude: "Zuen gustuko ekintzen antolaketan parte hartuz, elkarteen lan esparru nagusietan ekarpenak eginez, egitasmo berriak proposatuz...".
Gaur, abenduak 19, jarri dute martxan kanpaina, eta datozen hilabeteotan, udaberrira arte,horretan murgilduta ibiliko dira aurrez aipatutako elkarteak. Bazkidetza kanpainaz harago doa egitasmo hau: "Gure helburuak elkarteon lana herriratu, herritarrekin batera egon, elkarlanak sustatu, egiten diharduguna balioan jarri eta herriko euskaltzaleak gerturatzea izango dira".
Bada, aurrerantzean ohiko jardueretan jarraitzeaz gain, kanpainarekin lotutako ekintza bereziak ere antolatuko dituzte. Horietan nagusia martxoaren 25ean egingo dute, kanpainari bukaera borobila emateko. Egun horretan, elkartekide, eragile eta herritarrekin batera "Arrasate euskalduna irudikatzera" aterako dira kalera, festa giroan.