Goizeko aukezpenean, Jose Mari Velez de Mendizabal idazle eta historiagileak, Juan Ramon Mendieta udal zinegotziak eta liburuko dokumentuen bilketan lagundu duen Jabier Iriak hartu dute parte.
Jauregi-Arrabururen eskuliburua
Liburua Arrasateko Udalak argitaratu du, eta bi zatitan banatuta dago. Alde batetik, XX. mende erdialdean Arrasateko eliza nagusiko abadea izan zen Justo Jauregi-Arraburuk 1949an prestatutako eskuizkribua jasotzen da. Velez de Mendizabalen esanetan, Garagartzako auzoaren gainean inoiz burututako lanik mamitsuena da.
Jauregi-Arraburu, Garagartzako Leze Txiki koben entramatuaz jabetu zen aurreneko pertsonetako bat izan zen. Hau, Gasteizko Apaiztegian ikasle zegoela, bere irakasle zen On Joxe Miguel Barandiaraneri eman zion aurkikuntzen berri.
Joxe Letona eta Txomin Iriaren arteko elkarrizketak
Beste alde batetik, liburuak, Joxe Letona etnografoak Txomin Iria garagartzarrarekin izandako elkarrizketak jasotzen ditu. Letonak lan zabal bat burutu zuen Arrasateko auzoaren etnografiari buruz, eta hori burutzeko, auzora bertaratzeko joera naturala izaten zuen, tartean, Iria bezalako garagartzarrekin harremana izanez. Azken honek, auzoaren historiari buruzko datu asko idatzi zituen.
Jose Miguel Barandiaran Fundazioko lehendakaria den Velez de Mendizabalek hitzaurrean idazten duen bezala, liburuaren laguntzaz, irakurlea antzinako Garagartzan murgiltzen da: "Gizarteak aurrera begira ibili behar duen arren atzean zer utzi duen ezagutzea derrigorrezkoa zaio, izan ere edozein giza kolektiboren identitatearen mugak, gehienbat, oraingo errealitateak markatzen dizkion arren, ezingo du etorkizun helezina sekula marraztu iragan itzulezina ahaztuz".
Liburuaren salmenta
Udalak 500 ale atera ditu, eta aurreneko 400ak Garagartzako auzotar eta herritarren artean banatuko dituzte. Soberan geratzen diren gainerako liburuak salgai jarriko direla aurreratu du Juan Ramon Mendieta udal zinegotziak.