EH Bilduk gobernuari egotzi dio egiaren zati bat esatea taxi-bus zerbitzuaren auzian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abe. 15a, 13:03
Taxi-busa.

EH Bilduk gogor salatu du Udal Gobernuak taxi-bus zerbitzuaren harira kaleratutako oharra. Egiaren zati bat esatea leporatu diote EAJ-PSE-EEri: "Erabakiak justifikatzeko soilik egiaren zati bat esaten badugu, geure burua zuritzen ari gara. Eta, horrez gainera, jasotako kritikei balioa kentzen. Ez da zilegi".

Jarraian, EH Bilduren prentsa oharra osorik:

"Beste ezer esan aurretik, galdera bat egin gura dugu: egi osoa esaten ez duenak ez ote du gezurra esaten? Izan ere, horixe da EAJ-PSE Udal gobernuak egin duena Taxi-bus zerbitzuaren harira prentsara igorritako oharrean. Soilik egiaren zati bat esan.

Hasteko, garbi adierazi nahi dugu EH Bilduren ustez ere ez dela txukuna, Udal gobernuak Taxi-bus zerbitzua kendu duela salatzeko eta herritarrei erabaki horren aurka kexak aurkeztea proposatzeko, kalean agertu diren orrietan udal langile baten izena aipatu izana. Arduradun bakarrak politikook gara, inola ere ez langileak, azken erabakiak geuk hartzen ditugulako.
Onerako zein txarrerako, politikook erabakiak hartzen ditugu eta prest behar dugu egon kritikak jasotzeko, saihestezina delako herritar guztiak asebetetzea.

Hartara, geure erabakiak justifikatzeko soilik egiaren zati bat esaten badugu, geure burua zuritzen ari gara. Eta, horrez gainera, jasotako kritikei balioa kentzen. Ez da zilegi. Egia baino ezin da izan geure ikurra. Inola ere ez gezurrak edota erdizkako egiak.
Bestetik, prentsan kaleratutakoaren arabera, Arrasateko Udalak sinatu omen du aipatu oharra. Eta gu, EH Bilduko taldea, prentsatik enteratu behar geuk egindakoaz? Ala soilik EAJk eta PSEk osatzen ote dute Arrasateko Udala? Ez, jakina. EH Bildu Udalean dago, zazpi zinegotzirekin. Udalaren parte gara eta ez dugu gobernuak prentsara bidalitako ohar horrekin zerikusirik izan.

Nabardura horiek eginda, honako hau adierazi gura dugu Taxi-bus zerbitzuarekin gertatu denaren inguruan:

1/ Taxi-bus zerbitzua abian jarri zen Arabatik Arrasatera zetorren lineako autobus-zerbitzua osatzeko. EAJk eta PSEk diote igande eta jai egunetan ez zuela zerbitzurik ematen. Eta, bai, halaxe da. Izan ere, zerbitzu hura pertsona bakar batek ematen zuen eta noizbait atseden hartzeko eskubidea izan beharko zuen, ala? Zertan geratuko ziren, bestela, haren lan baldintzak, esklabotza hutsean?
Gainera, ez zatekeen oso zaila Udalarentzat, taxilari haren jai egunak errespetatuz, zerbitzuaren hutsune hori estaltzeko beste aukera batzuk aztertu eta abian jartzea.

2/ Bestalde, EAJ-PSE udal gobernuak dio zerbitzua hobetu egin dela orain. Orduan, zertara datoz Udalera iritsi diren kexak, zirikatzera? Ez al dute argudio nahikorik kexatu diren horiek? Gainera, askotxo da zerbitzua hobetu dela esatea. Izan ere, larunbatetan, igandetan eta jai egunetan 4 orduko tarte bat dago goizetan zerbitzurik gabe (10:00etatik 14,00etara) eta arratsaldetan, berriz, ia-ia 5 ordukoa, (15:00etatik 19:55era). Perfil zehatz bateko erabiltzaileek zerbitzua gehien erabiltzen duten egunetan, hain zuzen. Beraz, egungo zerbitzuak ere baditu gabeziak. Ez ditu herritarren beharrak asetzen.

3/ Taxi-bus zerbitzuari irailean amaitu zitzaion kontratua eta, lineako bus-zerbitzuaren ordutegi berria martxan jarri den arte, herritarrak ia bi hilabete egon dira inolako zerbitzurik gabe. Tarte horretan, EH Bildukook ahalegindu ginen Arabako Foru Aldundiaren eskumeneko bus-zerbitzua egokitu bitartean taxi-busa mantentzen, baina EAJ-PSE gobernuak uko egin zion aukera horri.

4/ Oso garbi utzi nahi dugu guri ez zaigula inporta nongoak ziren Taxi-busaren erabiltzaileak, Udal gobernuak kexatu diren gehienak kanpotarrak direla azpimarratu baitu prentsa-ohar horretan. Pertsonak dira, berdin-berdin, eta hori nahikoa da, gure ustez, zerbitzu duin bat merezi izateko eta Arrasateko Udalak hori bermatzeko obligazioa izateko.

5/ Udaleko OZMA batzorde informatiboan alderdiei emandako datuen arabera, Taxi-bus kontratuaren kostua ez zen 32.975 €, Udal gobernuak adierazi duenez, baizik eta 24.000 €. Nolanahi ere, ez zaigu gastu handia iruditzen herriko garraio publikoaren sarea hobetzen zuen zerbitzu baterako izanik. Premia gutxiagoko gaietan diru kopuru handiagoak gastatzeko eragozpenik ez dugu izaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak