Taxi-bus zerbitzua kentzearen aurkako esku-orriak gaitzetsi ditu Arrasateko Udal Gobernuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abe. 14a, 09:56
Taxi-busa.

Azken egunotan modu anonimoan egindako hainbat eskuorri agertu dira Arrasateko kale eta eremu publikoetan herritarrak taxi-bus zerbitzua kentzearen aurka azaltzera animatuz eta zuzenean udaletxeko bi lagun izendatuz –langile bat eta udal gobernuko kide bat–. Udal Gobernuak ekintza hori gaitzetsi du eta egungo zerbitzua hobea dela dio.

Taxi-busa 2001. urtean ezarri zen Arrasate eta Aramaio arteko garraio zerbitzu publikoa indartzeko helburuz. Urteak aurrera egin ahala, Udal Gobernuak dioenez, garraio publikoa asko garatu eta hedatu da eta ondorioz, taxi-bus zerbitzua zaharkitua gelditu da, gaur egun Arabako Foru Aldundiak eskainitako zerbitzu publiko orokorrak eta Arrasateko taxi zerbitzuak bermatzen dielako arrasatearrei haren zerbitzu eta ibilaldia.

Zerbitzua hobetu

Are gehiago, gobernuaren arabera, zerbitzu hori zabaldu eta hobetu egin da. Orain, astelehenetik ostiralera ia ordueroko zerbitzua dago 8:05etik 20:45era bitartean eta zapatu, domeka zein jai egunetan 0tik 5 zerbitzuetara zabaldu da. Taxi-busak aldiz, zazpi zerbitzu eskaintzen zituen astelehenetik zapatura eta domeka zein jai egunetan ez zuen inolako koberturarik.

Beraz, azken urteotan taxi-busaren ibilaldiak Arabako Foru Aldundiak eskainitakoarekin bat egin zuela aintzat hartuta, Taxi-busa  bertan behera uztea erabaki zuen 2016ko irailean Udal Gobernuak, horren kostua (32.975 euro) behar gehiago duten beste ekintza eta ekimenetara bideratzeko.

Hala eta guztiz ere, zerbitzu hori kentzeak hainbat kexa sortu ditu herritarren artean eta gobernuak horiek guztiak entzun eta erantzun ditu eta zenbait kasutan herritarrekin ere bildu da erabakiaren arrazoiak zuzenean azaltzeko.

Kexak bai, halako ekintzak ez

"Gobernuak beti onartu ditu eta onartuko ditu herritarren kexak. Are gehiago, gure esku ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu horiei erantzuna emateko. Iritzi aniztasunean sinesten dugu, horregatik, herritarrek beti izango dituzte zabalik eta eskuragarri haien proposamenak, iradokizunak edota kexak aurkezteko hainbat bide, BAZ edo webgunea esaterako. Taxi-busaren kasuan adibidez, 29 kexa jaso dira: bi kexa Arrasatekoak eta gainontzekoak, beste herri batzuetako herritarrenak (Lasarte, Errenteria....). Banan-banan erantzun ditugu guztiak", adierazi dute.

Honako hau gaineratu dute: "Ez ditugu inondik inora onartutako, era anonimoan, eremu publikoetan eta gainera zuzenean pertsonen izenak aipatzen dituzten kexak onartuko. Iritzi aniztasunaren alde bagaude ere, ez ditugu inoiz udal langile edota zinegotzien aurkako erasoak ez eta elkarren arteko errespetua erasotzen duten ekintzak babestu edota onartuko. Arrasate herri demokratiko eta askea izatea nahi dugu, errespetua izanik ukaezinezko oinarri".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak