EH Bildu: "Urtebete galdu dugu norabide gabe lan eginez"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abe. 13a, 09:05

Arrasateko EH Bilduk 2016ko aurrekontuen balorazioa egin eta 2017koetarako aurkeztuko dituzten emendakinak aurkeztu zituen atzoko prentsaurrekoan. Balorazioa egiterakoan titular bat eman zuten: "Argazki asko eta mami gutxi". 2017rako 20tik gora emendakin aurkeztu dituzte; esanguratsuena da Etxezarretako eremua erosteko partidarena, 270.000 eurokoa.

Koalizio ezkertiar eta abertzalearen arabera, 2016an plan asko aurreikusi dira eta denak berandu gauzatu: "Horrenbestez urtebete galdu dugu norabide gabe lan eginez". Eta, datorren urteko aurrekontuei begira, EH Bilduk salatu zuen gobernuak lanerako erabilitako prozedura ez dela izan lanerako egokiena: "Ez da egon ganorazko aurkezpenik batzordeetan, memoria ere oso arina da eta ez du gobernuaren asmoen berri ematen behar den sakontasunez. Eurek esan arren hilabete eman dutela aurrekontuetarako, horrelako gai inportante batek merezi du lanketan sakonago aritzeak".

Lanerako eta akordioetarako gertu

Hala ere, oposizioko talde nagusiak lanerako eta akordioak lortzeko prestutasuna duela dio: "Uste dugu Arrasatek merezi duela ikuspegi pertsonen ongizatea edota herri eragileen demanda zainduko duen ekarpenik".

Horrez gain, benetako parte hartzearen alde lan egin behar dela diote eta hirugarren adinekoen zein umeen kontseilua jarri dituzte horren adibide moduan: "Ez dugu onartuko atzerapausorik parte hartzearen arloan. Arlo batzuetan kontseiluak izatea aurrerapausotzat dugu eta bultzatuko dugu, nagusien kontseiluan kasu, baina beste batzuetan atzerapausoa da herrian egon diren dinamikekin alderatuz –Arrasateko hezi kasu–. Gure argazkien neurrira eginiko parte hartzea ez du bultzatuko EH Bilduk".

"Etxezarreta erosteko orain da momentua"

Bestalde, EH Bilduk uste du Arrasate solidarioa izan behar dela: "Bultzatzen dugu herriko Gobernuz Kanpoko Erakundeen lana eta baita ere euskal fondoan murrizketarik ez egotea. Euskal Herri barruko elkartasuna ere bultzatuko dugu, ipar euskal herriarekin elkartasun egitasmoak bultzatuz".

Ingurumenean herriko hainbat elkarte eta eragilek bultzatutako Etxezarretaren erosketa aukera eurena egiten du EH Bilduk: "Erantzukizunez baina baita ere etorkizun perspektibaz. Aisirako eta lehen sektorearen biziberritzerako. Kataluniarrek dioten moduan, ara es l'hora".

Gainera, herritarren ongizatea bultzatu gura dute auzoen biziberritzeari arreta berezia jartzea. "Auzo alkatetzen lana hauspotu behar da, auzoek ekimen kultural eta sozialak behar dituzte Udalaren bultzadarekin. EH Bildu prest dago gobernuari laguntzeko hau dinamizatzen, lanerako prest dagoen jendea badugu-eta".

Beste proposamen batzuen artean daude Amaia antzokiaren egoera eta mantenua hobetzeko partida (50.000 euro); hileta zibiletarako "espazio duin bat" egokitzeko partida (44.000 euro); enpleguan, langabeen formazioan laguntzeko partida (30.000) euro...

EAJren erantzunaren zain

EAJren erantzunaren zain geratzen da EH Bildu. Koalizio ezkertiar eta abertzalea prest dago bere emendakinak negoziatu eta adostasunetara iristeko. Era berean, iaz egin bezala, abenduaren 20ko udalbatzako gure botoa abenduaren 19an EH Bilgunean egingo den herri batzarrean erabakiko dute: "Gonbidatuta daude EH Bildu sostengatzen duten herritarrak".

Emendakin esanguratsuenak

20tik gora emendakin proposatu dizkiote gobernuari. Honako hauek dira esanguratsuenak:

-Euskal fondoa partida ez gutxitzea, 10.000€.

-Arrasateko diagnostiko sozialaren ondorioak gauzatzeko 2.000€, baina kreditu aldaketa egin liteke ere.

-Etxezarretako lur eremua erosteko aukera. 270.000€

-Nagusien kontseilua eratzeko partida berria, 3.000 €.

-Ipar Euskal Herriarekin haremanak bultzatzeko partida, 12.000 €.

-Arrasate hezi egitasmorako 20.000€.

-Funeral zibiletarako eremua, 44.000€.

-Langabezian edo enplegu hobekuntzarako dauden pertsonen prestakuntza ekintzak egiteko 30.000€.

-Auzoak biziberritzeko programa 1€. Hau kopuru sinbolikotzat dugu, uste dugu behar dena lantaldea dela. Enmendakina kentzeko prest gaude lanerako lantalde espezifiko bat sortzen badugu, OZMAtik harago.

-Bizikletak mantendu eta konpontzeko gunea partida sortzea 1.500€.

-Amaia antzokian konponketak partida handitzea 50.000 €.

-Diagnostiko sozialaren ondorioak ekintza bihurtzeko 10.000€.

EH Bilduren arabera kendu beharko liratekeen inbertsioetako batzuk: 

-Aktibitateak, kongresuak, foroak partida kentzea 10.000€.

-Cinemometro alkilerra partida kentzea, 44.000€.

-Haurren kontseilua dinamizioa eta ekintzak partidak kentzea 20.000€.

-Erdi Aroko feria partida kentzea 12.000€.

-Gabonetako argiak eta gabonetako argien alokairua partidak kentzea.

-Aktibitateak (teknologia berriak) partida kentzea. Kaleko wi-fia.

-Iturbide egoitzaren defizitaren kargu Gipuzkoako Foru Aldundia egitea.

Jakinarazi dutenez, beste aspektu batzuetan argipenak eskatu dizkiote gobernuari: "Sartuak genituen emendakinak erretiratuko ditugu dagokion azalpena entzun ostean, memorian ez zeuden azaldurik edo oker zeuden-eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak