Udalaren laikotasuna eta kontratazio behatokia eztabaidagai

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko aza. 30a, 15:41

Mozioek eragin zuten eztabaida gehien Arrasateko azaroaren 29ko osoko bilkuran. Batetik, Baleikek eta Irabazik laikotasunaren gainean aurkeztutako mozioak debate handia eragin zuen eta, bestetik, Irabazik mozio bidez eskatu duen kontratazio behatokiaren gaineko interbentzioetan polemika izan zen, bereziki PSE-EEren eta Baleikeren artean. Gainera, Euskararen Eguna dela-eta, adierazpen bateratua onartu zen.

Udal ordezkariek edozein ekitaldi erlijiosotan parte hartu behar duten edo ez, eta Udalak, egungo kontratazio mahaiaz harago, behatoki bat behar duen edo ez. Bi gai horiek izan ziren eztabaidatuenak atzo Arrasateko osoko bilkuran.

Laikotasunaren bidean

Baleike eta Irabazi taldeek jarri zuten laikotasunaren gaia mahai gainean. Mozioan eskatzen zuten ekitaldi publiko ofizialak konnotazio erlijiosorik gabekoak izatea eta agintari publikoek, halako izaeraz, ekintza erlijiosoetan ez hartzea parte.

Mozio horren alde egin zuten alderdi sozialistak eta EH Bilduk eta beraz, onartu egin zen –EAJk aurka bozkatu zuen–. Koalizio ezkertiar eta abertzaleak, mozioko bi puntuak babesteaz gain, halako debateak erakundeetan ematea beharrezkoa dela uste du.

Bestalde, EAJk adierazi zuen Baleikeren eta Irabaziren mozioari puntu bat gehitzeko ahalegina egin eta ezezko borobila jaso ostean, beste mozio bat aurkeztu zutela herriko usadioak eta ohiturak babestearen alde.

Herriko ohituren alde

Jatorri erlijiosoa izan arren dagoeneko herrian errotu diren ekintzak izanik herriko ondarearen zati nabarmena direla uste dute jeltzaleek. Horregatik, sozialisten babesarekin onartutako mozioan jasotzen denez, herriaren usadio, ohitura edo kultura kontsideratzen diren ekitaldietan parte hartu ahal izango dute udalbatzako kideek. Hori bai, Arrasateko Udalak antolatutako ekitaldi ofizialak erlijio-kutsu gabekoak izan beharko dira eta udal administrazioaren zerbitzura dauden kideek ez dute ordezkari gisa erlijio kutsuko ekitaldietan parte hartuko.

Bestalde, gaur egungo Kontratazio Mahaia nahikoa ez dela pentsatuta, Irabazik kontratazio behatoki bat sortzea proposatu zuen. Gobernuak ez zuen mozioa babestu, organo hori egun existitzen dela argudiatuta.

EH Bilduk Irabaziren mozioa babestu zuen, gaur egun horretara bideratuta dagoen organo bat egonda ere, ekarpen interesgarria dela ulertuta.

Euskararen Eguneko adierazpena

Amaitzeko, Euskararen Egunaren harira, adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzak.

Euskararen Nazioarteko Eguna, 2016 Adierazpena

"Abenduaren hirua pozik bizitzeko eguna dugu euskaldunok. Duela berrogei urte arte gizartean gainbehera zihoan euskara hazkunde nabarian jarri dugu. Batik bat belaunaldi zaharrenen hizkuntza izatetik, belaunaldiarteko hizkuntza eta, batez ere, gazteen hizkuntza izatera pasatu da. Ingurune jakin batzuetara mugatuta egotetik sekula bereak izan ez dituen esparru sozialetan ere nor izatera. Europako hizkuntza zaharrena izatetik, hizkuntza modernoa eta gaur egungo gizartera egokitua izatera.

Euskara bizitzen ari den zabalkundea gizarte osoaren nahi eta ahaleginari esker gertatu da. Norbanako askoren eta kolektibo askoren ekimenari esker. Jende askoren eskuzabaltasunari esker. Gizarte osoak proiektu kolektibo gisa bereganatu izanari esker. Konpromiso publiko eta pribatuari esker. Gizartearen adostasunari esker.

Hizkuntza-elkarbizitza gizarte-elkarbizitzaren osagai egin dugu, gizarte-kohesioaren funtsezko elementu. Hizkuntzen berdintasuna eta norbanakoaren hizkuntza-hautua herritar guztion aukera- berdintasunaren oinarrian jarri ditugu.

Euskararen Nazioarteko Eguna badugu, baita ere, indarberritzeko eguna. Izan ere, gaur egun, oraindik, bi hizkuntza ofizialen berdintasun sozialetik urrun gaude. Euskarak eta gaztelaniak, erabilerari dagokionez, legezko aitortza berdina dute, baina gizartean egoera desberdina bizi dute.

Horregatik, urratsak ematen jarraitu nahi dugu. Bi hizkuntza ditugu ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina helburu izaten jarraitzen du, gizartean oro har, hizkuntzen arteko berdintasun sozialera iristeak. Hizkuntza-aniztasunaz harro gaudelako eta euskararekin munduko hizkuntza- aniztasunari egiten diogun ekarpenaz ere harro gaudelako. Hizkuntza-aniztasunak gure gizartea aberasten duelako, euskarak hizkuntza-aniztasuna aberasten duelako eta, beraz, gutako bakoitza aberasten gaituelako. Euskara, Etxeparek esan bezala, plazan nahi dugu, indartsu eta sendo nahi dugu bere lurralde guztietan.

Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea: horra gure helburua. Guztion gogoa eta ahalegina eskatzen dituen helburua; helburu ilusionagarria; denoi dei egiten digun helburua: norbanakoei eta kolektiboei, herri aginteei, alderdi politikoei, langileen sindikatuei, enpresari-elkarteei, kirol, aisialdi nahiz kultur arloko elkarteei, gizartearen arlo desberdinetako erakundeei, eta abarri. Gustuko dugun helburua da, gustura hartzen dugun konpromisoa.

Horregatik, herri aginteok eta askotariko gizarte-eragileok elkar hartuta ospatu nahi izan dugu aurten Euskararen Eguna. Euskara eta hizkuntza-elkarbizitza sendotzeko konpromiso bat hartu nahi izan dugu, nork bere neurrikoa, nork bere ahalaren araberakoa. Horretarako, gure buruari galdera bat zuzendu diogu: Zer egin dezaket nik euskararen alde?.

Adierazpen honen sinatzaileok galdera horri erantzun propioa eman nahi diogu, gure esparruan euskara modu edo neurri batean zein bestean indartzeko erantzun bat.

Era berean, herritar guztiak eta gizarte-eragile guztiak gonbidatu nahi ditugu galdera hori bera egitera eta nork bere neurriko erantzuna hausnartzera, guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskararen biziberritzerako eta guztion arteko elkarbizitza sendotzeko.

Ospa dezagun, bada, pozik eta harro Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta bizi dezagun aurrera begira euskara, gure artean eta egunerokoan, hizkuntza bizia eginez, Zer egin dezaket nik euskararen alde? galderari erantzunez eta galdera bera euskal gizarte osoan zabalduz". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak