Liztor asiarraren bi habia kendu dituzte Arrasateko Garagartza auzoan

Eneko Azurmendi 2016ko aza. 28a, 11:54

Jose Luis Etxeberria Porru Babes Zibileko teknikariaren esanetan, aurten 96 dira dagoeneko kendu dituzten habiak eta beste sei identifikatuta dituzte Arrasaten. "Irabaztea ia ezinezkoa den gerra bat izan arren, ahal dugun guztia egiten ari gara", azaldu du.

Lehena, Ibarluze baserriko zuhaitz batean zegoen eta bigarrena, berriz, Garagartza auzoko elizatik gertu.

Suntsitu dituzten habia horiek egiteko 2 edo 3 hilabete behar izaten dituzte eta bertan, 2000 edo 3000 liztor egon daitezke. Horregatik, handi egin baino lehen, habia berriak identifikatu eta suntsitzea garrantzitsua dela azpimarratu du Jose Luis Etxeberria Porru Arrasateko Babes Zibileko teknikariak.

Badira urte batzuk liztor hau gurean agertu zela eta urtetik urtera, geroz eta handiagoa da eragiten ari den kaltea.

Izan ere, liztorrok erleak hil egiten dituzte. Burua kentzen dizkiete, euren habiara eraman eta larbak elikatzeko. Horrez gain, erlauntza osoak desagerrarazteko gai ere badira. Honek guztiak, erleen beldurra dakar eta hauek geroz eta gutxiago irteten dira polena batzera.

Erlezainek diote, honen ondorioz, ezti produkzioa asko jaitsi dela azken urteetan eta urtetik urtera, egoerak okerrera egingo duela uste dute. Horregatik, herritarrak kontzientziatzea garrantzitsua dela uste dute, eta edozein habia ikusi ezkero, abisatu egin behar dela ohartarazi dute. Izan ere, erlezainena bakarrik ez, oro har, naturaren eta gizartearen arazoa dela gaineratu dute. Porru ere ados dago horrekin, eta herritarrei adi egoteko eskatu die.

Irabaztea ia ezinezkoa den gerra bat izan arren, ahal duten guztia egiten ari direla nabarmendu du Babes Zibileko teknikariak. Gaineratu du eskaera bat daukala, ikastetxeetara mota honetako habia bat eramateko, ikasleak ere, pixkanaka, liztor honek eragiten duen kalteaz kontzientziatzen joan daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak