700.000 euro gutxiago Arrasateko Udal Gobernuaren 2017rako aurrekontu proiektuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko aza. 16a, 15:18

EAJren eta PSE-EEren 2017rako udal aurrekontuen proposamenean jasotzen denez, Arrasateko Udalaren datorren urterako aurrekontua izango da 31.381.308 eurokoa, iaz baino ia 700.000 euro gutxiago (32.078.733 euro). Alkatearen arabera, aurrekontu "zuhurrak" dira. Oposizioko taldeei aurretik aurkeztu zaie proposamena; abenduaren 20ko osoko bilkuran onartu beharko du udalbatzak.

Aurrekontuaren beherakadaren arrazoi nagusiak zeintzuk diren azaldu ditu Maria Ubarretxena alkateak gaur udaletxean egindako agerraldian: "IBItik [Ondasun Higiezinen gaineko Zerga] jasotzen den dirua jaitsi egin da eta obra handirik ez dagoenez martxan horien zergetatik eta tasetatik jasotako diru kopurua ere jaitsi egin da".

Horrekin batera, Gobernuak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, inbertsioetarako diru gutxiago izango du Udalak Diputazioaren balio katastralaren berrikuspenak ezarri dituen balio berriek zerga bilketagatik diru kantitate gutxiago biltzea ekarriko duelako. Iaz moduan, Pertsonal Saileko eta Udal Zerbitzuetako gastuek aurrekontuaren %60a gainditzen dute.

Lehentasunezko hiru ildo

Aurrekontu proiektuak herritarren gizarte beharrei erantzutea, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea eta proiektu estrategikoei jarraipena ematea lehenesten ditu: "Horretarako, laguntza, prestazio eta gizarte programa guztiak mantenduko dira, beharrezkoa balitz horiek handitzeko konpromisoa hartuta".

Berritasunei dagokienean, eguneko zentro gisa, pertsona nagusiei bideratutako ekintza programa bat garatzeko eta euren etxeetako instalazioen mantenu lanetarako diru partidak txertatzea proposatu da, adinekoen ongizatea eta zahartze aktiboa sustatu eta bermatzeko.

Proiektu estrategikoak

Agintaldi osoko proiekturik garrantzitsuenetarikoa Kulturola egitasmoa izango da, Aprendices eta erlojuaren eraikina kultur eremu bihurtzearena. "Bi eraikinek 625.000 euroko aurrekontua izango dute –1.250.000 euro guztira– 2017an obrekin hasi ahal izateko".

Auzoei lehentasuna emango zaie: Makatzenako igogailuaren proiekturako eta pilotalekuan, parkean eta aparkalekuan jardun integral bat egiteko kontu-sailak jasotzea proposatu da. Haur parkeak hobetzeko asmoari jarraituta, Biteri eta Itxaropena parkeak berritzeko 2017rako partida zuzena sortu da. Uribarriko atzealdea berriro urbanizatzeko eta Toki-Argiko teilatua konpontzeko kontu-sailak ere txertatu dira.

Mugikortasun plan berriak ezartzen dituen lehentasunak, azaldu dutenez, helburu bilakatuko ditu gobernuak. Garraio publikoaren erabilera sustatzeko, markesina berriak eta bus geltoki berriak ezarriko dira. Oinezkoek gero eta nagusitasun handiagoa izan dezaten ekintza ezberdinak burutuko dira; esaterako, ibilgailuen eta autobusen abiadura dela-eta, oinezkoen segurtasuna bermatzeko problematikoak diren eremuetan radarrak ezartzea da asmoa ibilgailuek abiadura motel dezaten. Herritarren segurtasuna hobetzeko, Lanako bidegurutzean, Aldundiarekin batera, biribilgunea eraikitzeko aurrekontua jasoko da obrak datorren urtean has daitezen.

Euskara ikasteko aukera berriak jorratuko ditu gobernuak integrazioaren eta bizikidetzaren mesedetan. Emakume etorkinen ahalduntze prozesurako ere, proiektu bat garatzeko kontu saila jaso nahi da eta guztien adostasunez leku aldatzea erabaki zen Emakumeen Txokoaren proiektua burutzeko partida ere jaso da aurrekontuetan.  

Gazte eta txikienei ere garrantzia eman nahi izan zaie aurrekontuetan. Hortaz, alkatetzaren aholku organo moduan jardungo duen neska-mutikoen kontseilua eratu nahi da, iritzia eman eta herriko erabakietan parte har dezaten. Kale Hezitzaileen zerbitzua indartuko da, ere martxan jarriko da belaunaldien arteko pobrezia eta desberdintasuna gutxitzeko.

Gazteen emantzipazio aukerak areagotzeko alokairuetan laguntzak eskaini nahi zaizkie herrian bizi diren gazteei.

Bestalde, herritarren parte hartze kulturari jarraipena emateko kontu saila jaso da 2017rako.

Oposizioarekin negoziazioa

Amaitzeko, gobernuak adierazi du "hilabete luze" dutela aurrekontu proposamenena oposizioarekin lantzeko. "Gure nahia da talde guztien proposamenak entzun eta aztertzea, guk gaur aurkeztutako proiektua osatu eta hobetu dezagun, herriaren eta herritarren nahiak kontutan izanik, guztion artean, etorkizuneko Arrasate eraikitzeko".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak