Ikasketa zentroetako garbitzaileak greban

Maite Txintxurreta 2016ko aza. 9a, 11:22

Deba bailaran mobilizazioak egingo dituzte astean zehar. Atzo arratsaldean Arrasaten egin zuten elkarretaratzea, soldata igoera, lanaldi osoak eta lan erreformaren aurrean berme guztiak jasotzea eskatzeko.

ELA, UGT, LAB, ESK eta CCOO sindikatuek bat egin dute aste honetako mobilizazioak deitzeko. Greba EHU eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azpikontratako garbitasuneko langileen eskubideen alde deitu dute. Gipuzkoa mailan 1.500 langile daude deituta.

Hiru aldarrikapen nagusi plazaratu nahi dituzte aste osoko greba honekin: 

Batetik, Deba bailaran ELA sindikatuko arduraduna den Ane Romeok azaldu du sektore honetako langileek soldata izoztuta daukatela 2010 urteaz geroztik. Ondorioz, azaldu dute ordutik hona %8,5eko galera izan dutela eroste ahalmenari dagokionean. Hori dela-eta, soldatetan %2,5eko igoera aldarrikatu dute.

Bestalde, salatu dute hezkuntza zentroetan diharduten garbitzaileen erdiak lanaldi partzialeko kontratuak dituztela. "Gainera, eskoletan lan egiten dutenei, uztailean eta abuztuan soldataren %30a jaisten diete, langabeziara bidaltzen dituztelako", azaldu dute deitzaileek. Horregatik, lanaldi partzialak osoak bihurtzeko erregulazio bat "beharrezko" ikusten dute.

Bukatzeko, aldarrikatu dute lan erreformaren aurrean sektoreko langileek "berme guztiak" jaso ditzaten.

Era berean, nabarmendu dute garbiketa sektorean diharduten langileen gehiengo handia emakumezkoak direla: "Berriro, emakume langileak azpikontratako kate ilun honetako maila ahulenean gaude", diote.

Egoera hau kontuan hartuta, Romeok adierazi du greba hau "beharrezkoa" dela.

Negoziaketak enpresekin

Sektoreko hitzarmenaren iraupena 2014ko abenduan bukatu zen, eta enpresen eta sindikatuen arteko negoziaketa mahaia 2015eko maiatzean osatu zuten. Bada, sindikatuek salatu dute epe honetan enpresek negoziaketa "blokeatu" dutela, "proposamen sindikal guztiak atzera botaz".

Honakoa diote oharrean: "Enpresen jarrera erabat probokatzailea da eta kolektiboarekiko errespetu falta handia agertzen du: prekarietatea dakarren lanaldi partzialeko kontratuak egiten jarraitu nahi dute, eta soldata igoera absentismo indizera lotu. Enpresa berak dira langileen osasuna okertzeko erabakiak hartzen dituztenak egunez egun lan karga handituz: lanpostuak amortizatuz, bajak ez ordezkatuz eta ratio gero eta handiagoak ezarriz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak