Iturritxipagaina Arrasateri eman, asmo berrietarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko aza. 4a, 08:45
Besaide elkarteko zuzendaritzako kideak Iturritxipigainan, Udalatx atzean dutela, artxiboko argazki baten.

Monterron parkea hasiera eta bukaera izango duen ibilbide homologatu berri bat atondu gura du Besaide Mendizale Elkarteak datorren urterako, Arrasateko Udalarekin elkarlanean; asmo orokor bat dago atzean: "Herriko tontorrik esanguratsuenak modu duin baten jarri nahi ditugu eskuragarri".

Egun 1.600 bazkide inguru dituen Besaide Mendizale Elkarteari ez zaio lanik falta. Hainbat dira esku artean dituzten proiektuak, eta datorren urterako egitasmo baten berri eman du Aitor Zubiaga presidenteak.

Uztail hasieran Arrasateko Udalak Anporretako tontorreko lursaila erosi eta jabego publiko bihurtzeko akordioa lortu zela –32.263 metro koadroko lursaila 18.000 euroren truke itxi erosi zen– aprobetxatuta, Besaideren aspaldiko egitasmo bat martxan jartzeko ateak ireki dira. "Arrasateko tontorrik esanguratsuenak modu duin baten eskuragarri jarri gura ditugu arrasatearren gozamenerako", dio Zubiagak.

Kurtzetxikiren arrakasta eredu

Azken urteetako arrakasta handienetako bat izan da Kurtzetxikiko tontorra publiko egin eta egokitzearena, hainbat herritarrek erabiltzen dute-eta aisialdirako naturgune moduan. Besaidekoek bide horri heldu gura diote Iturritxipigainarekin, betiere Udalarekin elkarlanean.  "Mendira goazenean ere ohitura handia dugu kotxea hartzeko; ibilbide berri horretan funtsezkoa litzateke autorik ez hartzea, inguru eta leku pribilegiatuak ditugulako bertan".

Izan ere, Zubiagak nabarmendu duenez, Iturritxipigainerako ibilbideak hainbat altxor gordetzen ditu. Monterron parkea izango litzateke hasiera eta bukaera, Besaiderentzat "epizentro paregabea" dena. San Kristobal eta bertako ondarea, Lurgorriko meategi famatuak, bederatzi hektareako Hidalgobaso –Naturtzaindiak diagnostikoa egingo du etorkizuneko esku-hartzeetarako–, Anporreta eta haren anaia txikia den Iturritxipigaina... "Udalatx parez pare dagoela, ia 360 graduko ikuspegi zoragarria dago Iturritxipigainan. Erdi Aroko labeak ere agertu dira inguru horretan, beste sorpresa bat gehiago", dio Zubiagak.

Herrira buelta Meatzerreka auzotik egingo luke ibilbideak eta beraz, PR berri hori Gipuzkoako Birarekin (GR-121) lotuko litzateke. Meatzerrekan ere badago zertaz gozatu: Urzulo, berreskuratzen diharduten San Balerioko atseden lekua, iaz berreskuratutako Errege Bidea... Hiru ordura helduko ez den ibilbidea da, eta "seguruenik" izango du alternatiba motzago bat.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak