"Pedrusko auzoko futbol taldea zen, familia bat"

Xabier Urtzelai 2016ko urr. 21a, 11:12
Antonio Bastida, Toñin.

Pedrusko futbol taldea Arrasateko San Andres auzora lotuta egon da beti, baina ez bertako jokalariak auzo horretakoak zirelako. Bai, ordea, klubeko fundatzaileetako bat, Antonio Bastida Toñin (Leintz Gatzaga, 1955) bertakoa zelako. Bihar lagun koadrila polita batuko da Pedruskoren 35. urteurrena ospatzeko.

Gaztetan saskibaloi jokalari izan eta gero, Pedrusko Futbol Taldea sortzera pasa zinen. Zer dela-eta? 

Bada, oso sinplea da. Hasteko, Arrasateko saskibaloi taldea ere guk jarri genuen martxan, Zabarte, Bittor Arantzabal, Arruti, Mendizabal... Hainbat lagun batu ginen saskibaloian jokatzeko. Baina, saskibaloian hasi aurretik nik Zaldibarko futbol txapelketan ere jokatzen nuen, San Andres auzoko, eta horrela jar dezakezu, beste maketo batzuekin taldea osatuta. Talde hark Roca zuen izena, eta bertan zeuden Carabias, Dueñas, Hernandez, Familiar eta beste hainbat [1968]. Ondoren Almenera hasi ginen joaten, eta 06:00etarako futbol zelaian egon behar izaten genuen futbolean egiteko.   

Horren goiz, zertarako? 

Lekua hartzeko! Atzetik jende gehiago etortzen zelako. Hiru urtez-edo Estrella Roja izenarekin jokatu genuen, orduan 14 urte izango nituen, baina gure artean haserretu eta taldeko ordezkari batzuk alde egin genuen, eta hor sortu genuen Pedrusko

Nondik dator taldearen izena? 

Badu bere istorioa. Taldea sortzen genuen guztion izen eta abizenekin egindako hitz-joko batetik sortu genuen. Orduan taldean geunden Serapi Hurtado, Manolo Bachiller, Familiar, Carlos Fernandez, Zangitu, Portu, Unamuno, Davila, Ramiro Gomez Gomez... Hitz jokoaren emaitza ez zen Pedrusko, baina antzerako zerbait zen, eta sasoi hartan bazen komiki bat [Pepe el hincha] eta bi futbol talde azaltzen ziren bertan, Pedrusco eta Menisco; hortik hartu genuen izena. Hala, futbol txapelketa antolatzen hasi nintzen Almenen, gogoan dut 2.200 pezeta ordaintzen genizkiola orduko Almeni zelaia erabiltzen uztearren. 42 taldetako txapelketa izatera iritsi ginen, ia 1.000 lagun jokatzen! Hamar urtez antolatu genuen txapelketa, baina jendearen kexuak entzuteaz nekatuta amaitu nuen. Eta, hor erabaki nuen txapelketa antolatzeari utzi eta Pedrusko federatutako talde bilakatzea

Zelan izan ziren hastapenak?

Ramiro Gomez Gomez eta biok sortu genuen Pedrusko, inolako laguntza barik, eta Angel Espinosa izan zen lehen entrenatzailea. Orduko Juventud Deportivakoekin, eta ondoren Mondrakoekin ez genuen harreman onik izan, gauzak diren moduan. Trabak baino ez genituen, futbol zelai barik... Eta, UDAk Ibarrako anexoa alokatzen zigun, partiduko 3.500 pezeta ordainduta. Pentsa, aldagelak garbitu eta epaileari aparte ordaindu behar izaten genion [1.200 pezeta]. Lehenengo partidua Otxandioren kontra jokatu genuen, eta lehen minuturako 0-1 galtzen gindoazen, Muñozek bere atean gola sartu eta gero [Barre]. Baina partidu hura 4-2 irabazi genuen

1988-1989 denboraldiko Pedrusko, Atxabalpen egindako erretratuan.

Eta ondoren Pedruskok 14 urte egin zituen federatu moduan.  

Urte horietan guztietan 300 jokalari inguru izango zituen Pedruskok, eta ni eurekin izandako harremanarekin geratzen naiz, horrek betetzen nau. Pentsa, azken urteetan denboraldi bat betetzeko ia hiru milioi eta erdi pezeta behar genituen, eta ez genituen diru-laguntzak. Zenbat buruhauste... Errifak, zozketak, gure poltsikotik... Denetarik egin behar izaten genuen. Ondoren, gure jokalariak Eskoriatzara, UDAra edo Mondrara joaten zirenean klub horiekin haserretzen ginen, trukean bota batzuk ere ez zizkigutelako ematen

Pedruskok jokalari onak izan ditu.

Bai, talde txukuna izaten genuen. Hirugarren mailara igotzekotan egon ginen [1986-1987], Copa de Aficiones delakoan Mondra eta Aloña Mendi kanporatu genituen... Eta, Pedruskon jokatu zuten, esaterako, Alavesen amaitu zuten Gorka Otxoak, Mikel Uribesalgok, Neka Galan eta Alfredo Alonso Eskoriatzara joan ziren, Luengo eta Lazaro UDAra... 

Zer antolatu duzue biharko?

Duela 10 urte taldearen 25. urteurrena ospatu genuen, baina ikusten dut auzoa, San Andres, hilda dagoela, ez dela aparteko ezer antolatzen. Eta, auzoa apur bat girotzeko aitzakiaz, eta ostera ere Pedruskoko familia osoa elkartzeko asmoaz antolatu dugu bazkaria. Horregatik egin dugu hitzordua Cordoba y Oro kaleko parkean. Eguerdian elkartuko gara, poteoa egiteko, eta ondoren bertan bazkalduko dugu guztiok. Ez gara gonbidapenak bidaltzen hasi, Pedrusko bihotzean duena etorriko da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak