Hori horrela, Geyserrekoak izan ezik, Garagartzako gainontzeko 219 langileak daude EREaren zerrendan sartuta.
Edozein modutan, Fagor CNAko enpresa batzordeak ez daki ERE horren gaineko baldintzak zeintzuk izango diren, ELA sindikatuak esandakoaren arabera.
Azaroaren 1etik urriaren 31ra
Oraingoz, idatziz duten informazio bakarra da Fagor CNA Groupek Eusko Jaurlaritzako Lan Delegazioan aurkeztuko duena: 90 eguneko etetea egin gura duela urtebeteko epean.
ELAren esanetan, enpresa batzordeari jakinarazi diote etete horretarako epea hasiko litzatekeela azaroaren 1ean eta bukatuko litzatekeela datorren urteko urriaren 31n. Eta epe horretan gauzatuko litzateke esandako 90 eguneko EREa. "Gauza asko entzun eta irakurri dira egunotan, baina astakeria irudituko litzaiguke enpresa ixtea azaroaren 1ean eta erabat itxita izatea 90 egunetan. Normalean, ERE batean taldeak osatzen dira eta gaur 25 lagun egoten dira etxean, bihar beste 25… eta txandaka egiten da etetea. Edo lantegia astebetez ixten da… Lehendabiziko bileraren ondoren hasiko da kontsulta epea. Hortik aurrera bilera gehiago izango dira", esplikatu du ELA sindikatuko metaleko arduradun Patxi Zubizarreta ordezkariak.
Stocka jaitsi gura
Enplegu-erregulazio espedientea aurkezteko arrazoia da enpresak duen stocka jaitsi nahi duela. Kalkulatzen dute hiru hilabeteko stocka dutela eta azaldu dute poliki-poliki husten joateko asmoa.
Gaurko batzarraren ondoren, 15 eguneko epea zabalduko da EREaren baldintzak langileen ordezkariekin adosteko.
Bi aldeen arteko negoziazioa ez da erraza izango. Izan ere, ELAko ordezkariak esandakoaren arabera, ez dute asmorik mahai-gainean jarriko dieten espedientea "itsu-itsuan sinatzeko", kezka handia dagoelako enpresaren etorkizunarekiko.
Hain justu ere, langileen iturriek Goienari jakinarazitakoaren arabera, beldurra dute oraingo ERE hau ez ote den izango etorkizunean Garagartzako plantaren behin betiko itxiera ekar lezakeen beste enplegu-erregulazio espediente baten hasiera.
Uztailean 19 kaleratze
Gauzak horrela, gaurko batzarrean, bereziki jakin gura dutena da ea benetan oraingo ERE hau neurri puntual bat den eta ea badagoen aurrera irteteko aukera. Izan ere, argi ikusten dute enpresaren egoera ez dela ona. "Egoera onean ez dago. Hori argi eta garbi ikusten da, egoera ona ez dela. Ez dakiguna da ze punturainoko larria den", dio Zubizarretak.
Egoera horren erakusle da, adibidez, uztailean 19 langile kaleratu zituztela Garagartzan.
Edozelan ere, enpresaren benetako egoera zein den jakin aurretik, ELAko ordezkariak adierazi du 90 eguneko geldialdi horrekin gauzak asko zuzendu daitezkeela: "Biltegiko produktuak ateratzen hasiz gero ez da gastatzen, diru-iturria sartzen da, hornitzaile gutxiago behar dira… Nahikoa izango den hori? Ea, ba, nahikoa den".
Oraingo asteko martitzenean eman zuen Fagor CNA taldeko buru Jorge Parladek Garagartzako produkzioa aldi baterako eteteko asmoaren berri.