Bihar 40. aldiz ospatuko dute Maritxu Kajoi

Xabi Gorostidi 2016ko urr. 6a, 12:00

Aurtengo jaia misterioz inguratuta dator. Lehenik eta behin, Ama Birjinak bere kutxa zabaldu eta Aretxabaleta, Oñati eta Arrasateko auzo batzuk bisitatu dituelako. Bestetik, aurten jai eguna izango denez, horrek izan ditzakeen eraginak ilusioa eta kezka sortu dituelako.

Maritxu Kajoiren kantak dio; Maritxu nora zoaz, eder galant hori? eta batek baino gehiagok hori galdetuko zion bere buruari txikiteroen patroi zintzoa bere kutxatik kanpo ikusterakoan.
Jakina da Maritxuk mirariak egiteko duen gaitasuna. Asko izan dira urte guzti hauetan egindakoak; iturriko ura ardo bihurtzeaz gain, 90. urtean krisialdiaren eraginak baretzeko diru propioa eta 40.000 pezeta banatu zituen, eta hurrengo urtean EHNA txartelaren lehen saiakera egin zuen, batzuk aipatzearren.
Baina aurtengoan bere gaitasunen beste erakustaldi bat egin du, kutxatik ateratzeko gai dela agerian utziz. Aretxabaletan izan da bertako loreontziak ureztatzen eta ondoren Oñati aldera ere joan da Pello Zabalari eguraldi ona eskatzera. Hala ere, leku exotiko horiek bisitatu ondoren herriminak jota Arrasate aldera itzuli da berriz.
Zigorrolara joan da lehenengo, bertako asto famatua pertsonalki ezagutzera. Baliteke  bisita honi esker kaletarren eta ziorlatarren arteko pikea leuntzea, baina San Isidro jaiak heldu arte itxaron beharko da hori frogatzeko. Hori egin ondoren Bedoña auzora joan da, paraje ikusgarri horretatik herria Udalaitzen babespean ikustera. Beraz, lasai egon daitezke egubakoitzerako itzuliko ez zela uste zutenak.

Berritasunak

Aurtengo edizioa berezia bihurtzen duen beste arrazoi bat, jai eguna dela da. Arrasatearrek kanpora joateko duten ohiturak zalantzak eragin ditu, baina aldi berean baliteke kanpotik jende gehiago etortzea ere. Bestalde, aipatzea Arrasateko Emakume Gazte Asanbladak maniFESTAzioa deitu duela lehen aldiz Gaba ta kaliek guriek die lelopean.

Aurtengo eguneko beste berritasun bat eskapulaixuan datza, hasierako urteei keinua eginez forma karratua izango duelako. Bitxikeria bezala, aipatzea, 77. urteko lehen edizioan pegatinazko eskapulaixuak erabili zituztela.

Maritxu Komisiñue osasuntsu

Urtetik urtera Maritxu eguna gozatzeko aukeraren arduradunak dira Maritxu Komisiñue osatzen duten kideak. Gaur egun 25 lagun bueltako taldea dira eta beteranoek, gazteek eta hasiberriek osatzen dute. "Uztaila hasieran hasten gara lanean, eskapulaixue eta kartela definitzen besteak beste, eta gero irailean jo ta su aritzen gara miraria, egitaraua eta nobenaixue lotzen" adierazi du Iraia Murua Komisiñoko partaideak.

Argazkia: Maritxu Kajoi Komisiñoko kideak iaz ateratako argazkian.


1987an egin zen lehen nobenaixue, baina orduan Maritxu aurreko zapatuan egin zen. Nafarroako Lakuntza herritik hartu zuten sinistunei eta sinisbakoei ardoa debalde emateko ohitura hori, eta 1998tik aurrera hasi ziren egubakoitzetan egiten. Bertan komisiñuek enbutu preziatua ematen dio herriko elkarte bati, eta aurten Trikitia Eskolari eman diote. "Herriaren alde egiten duten erakundeen lana goraipatzeko modu bat da. Gehienetan kultur arloan aritzen diren elkarteak dira aukeratuak baina herrigintzan aritzen den edozein erakunde izan daiteke".

Eguna indartzeko apustua

Azken urteetan Komisiñoko kideek goiz eta arratsaldeko giroa indartzearen alde egin dute.
"Urteak daramatzagu jaia egunera ekartzeko ahaleginak egiten. Horren harira, eguerdian kale animazioa egongo da txarangarekin, batukadarekin eta erraldoiekin".

Jai egunaren eraginak

Antolatzaileek, tabernariek eta jatetxeetako langileek zalantzak dituzte jai eguna izateak sor ditzakeen aldaketekin.
"Denetarik gerta daiteke. Arrasaten ohitura handia dago zubi eta jai-egunetan kanpora joateko. Horretaz gain, kontuan izan behar da aurten Oñatiko jaiek eta Maritxuk ez dutela asteburu berdina elkarbanatuko. Hala ere, jatetxeetan iaz baino bazkari gehiago daudela entzun dugu, beraz, hori izan daiteke seinale bat. Guri kaleak goraino beteta ikustea da gustatuko litzaigukeena, baina ikusiko dugu".

Aitortza berezia

Komisioko kideek aitortza berezia egin nahi izan diote urte guzti hauetan Maritxu Kajoiren hauspo izan diren tabernari eta jatetxeetako kideei. "Gure bidelagun garrantzitsuak dira. Ez dugu behar beste eskertzen eurek egiten duten lana, eta beharrezko iruditzen zaigu gure esker ona adieraztea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak