Kooperatibismoaren ekarpen soziala. Gai horri buruzko hausnarketa egin dute gaur Forokoop kooperatiba-eztabaidarako foroaren X. jardunaldian. "Kooperatibetan lan egiten dutenen lan baldintzak eta baldintza ekonomikoak zeintzuk diren eta horrelako aspektu orokorrak aztertu nahi ditugu, ez bakarrik hemengoak, mundu guztikoak", azaldu du Alfredo Ispizua Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko kideak.
Hain zuzen ere, kooperatiba gaiei buruzko hausnarketa teoriko zein praktikoak egiteko sortutako foroa da hau, baita kooperatiba eredua bultzatzeko ere. "Gure oinarria pertsonak dira, pertsonen ahalduntzea, alegia. Gure ustez, antolakuntzan eta hazkundean funtsezkoak dira zenbait balore eta printzipio. Pertsonaren hazkundea da sustatu nahi duguna, ez bakarrik maila profesionalean, baita pertsona eta gizaki moduan ere", dio Rosa Lavin Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak.
Orain arte hiri handietan egin izan badute ere, aurten Arrasaten egin dute, udalaren eskaera onartuta. "Gazte kooperatibistak hemen egongo zirela aprobetxatu nahi genuen Forokoop ere hemen egiteko eta sinergia horiek sortzeko. Antolatzaileek begi onez ikusi zuten gure proposamena eta gu oso pozik gaude", zehaztu du Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak.
Gazte kooperatibisten topaketa
Alkateak aipatutako gazte kooperatibisten topaketa hau, Europan zehar dauden kooperatibista gazteak batzen dituen plataforma bat da, balore kooperatibistak sustatzeko helburuarekin sortutakoa. Ana Agirre Europako Sare kooperatibistako kidearen esanetan, Mondragon Taldea erreferentea da Europan. "Bailara honetan normalizatuta ditugu kooperatibismoaren baloreak eta kooperatibetan nola lantzen den lan duina. Hori beste leku askotan ez dago eta guk esportatu ahal izatea garrantzitsua da", onartu du.
Topaketa hau egiten duten laugarren aldia da, Parisekoaren, Boloniakoaren eta Bruselakoaren ondoren.
Ordaindukoen protesta
Barruan kooperatiben gainean hitz egiten ari ziren bitartean, kanpoan Ordaindu eta Eskuratu plataformetako kideek protesta egin dute, zor dieten dirua itzultzeko eskatuz eta haien arazoari irtenbidea emateko aldarria eginez.