Arrasateko Udal Gobernua: "Euskarekiko konpromisoa berretsi nahi dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko ira. 23a, 14:34
Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE bozkatzen, aurreko osoko bilkura baten.

36 urtez Arrasateko udaletxean euskara teknikari izan den Joxefe Diaz de Tuestak GOIENAri adierazitakoen harira oharra kaleratu du Udal Gobernuak, euskararekiko duten konpromisoa berretsiz: "Euskarak garrantzia handia dauka, gure kulturaren ardatz edo oinarritzat har genezake eta Arrasate euskalgintzan aitzindari jotzen dugu". Euskara Sailean "hausnarketa sakon" bat egiten dihardutela gaineratu dute, besteak beste.

Jarraian Udal Gobernuak kaleratutako oharra osorik:

"Gaur medioetan udaleko Euskara Saileko etorkizunari buruz ageri diren adierazpenen aurrean zera adierazi nahi dugu:

1) Udal Gobernuak azkeneko bi Osoko Bilkuretan adierazi duen moduan Euskara Saila udaleko gai estrategikoa da eta momentu egokian gaude Sail honetan hausnarketa sakon bat egiteko eta etorkizuneko erabakiak hartu eta aurrera pauso sendoak emateko.

2) Gaur egun, Euskarak Udaletxean 16 langile ditu: euskara itzultzailea, berez, Idazkaritza departamentuaren barruan dagoena, eta 15 langile, udaletxeko Euskara Sailaren barnean: 2 teknikari, administrari bat %50, euskaltegiko zuzendaria, idazkari akademikoa, administraria, eta 9 irakasle.

Gure tamaina duten herriekin parekatuz gero, proportzioan, langile kopurua Arrasaten handiago da: Eibarren 14 langile, Lasarten 12, Pasaian 11, eta Zarautzen 16, etab.

Beraz, Arrasateko Udalak gaur egun bermatua dauka beharrezkoa den euskara zerbitzua emateko gaitasuna.

3) Dena dela, Udal Gobernuak kezka dauka euskararen erabilerari dagokionez.  Belaunaldi berrietan euskararen erabilera gutxitzen ari dela sumatzen dugu eta uste dugu administraziotik esfortzu gehigarri bat egitea beharrezkoa dela, hots, garrantzia gehiago eman behar diogula euskarari eta gizartean dagokion lekuari.

Honekin guztiarekin, Udal gobernu honek zenbait pauso eman ditu jada:

-Udal Euskaltegia Erlojuaren erakinean kokatuko dugu, talde kulturalekin batera. Gure hizkuntza ikastera datorren pertsona oro, gure kulturaz jabetzea ere garrantzitsua dela deritzogu, izan ere, gure hizkuntza aitzindari eta kulturaren arteko lotura estua da, eta hau indartu nahi dugu.

-AED elkartearekin hitzarmena sinatu genuen, AED eta  Arrasateko Udalaren arteko elkarlana sakondu eta areagotzea eta Jokin Zaitegi itzulpen beka 4 urtez bermatzeko, izan ere, 2012. urtean antolatu zen azkenekoz Jokin Zaitegi beka.

Hau horrela, Udal Gobernuaren proposamena da honako hau:

-       Euskara saila transbertsala izan behar dela deritzogu, benetan duen garrantzia eman behar zaio, eta horregatik, Alkatetzatik zuzenean eramango den departamentua izatea proposatzen dugu, honek ekarriko dituen aldaketa guztiekin.

-       Udal euskaltegiko langileen esperientzia erabiliko dugu Euskara sailean inplikaturik eta aktiboki lan egin dezaten, eta ez, irakasle huts bezala.

-       Herriko Elkarte eta Eragileen elkarlana udaletxeko Euskara Sailarekin  aktiboki areagotu nahi dugu emaitzak areagotzeko.

-       Kultura Sailarekin elkarlana estutuko da.

Bide honetan euskara saileko teknikari guztien lan profesionala eskertzen dugu eta etorkizunean ere beraien lana eta ezinbesteko kolaborazioa izaten jarraituko dugula espero dugu.

Bukatzeko, berretsi nahi dugu Udal Gobernuaren konpromisoa euskararekiko. Euskarak garrantzia handia dauka, gure kulturaren ardatz edo oinarritzat har genezake eta Arrasateko herria euskalgintzan aitzindaritzat jotzen dugu.

Arrasaten baditugu taldeak, elkarteak, komunikabideak, euskararen inguruan gogor eta ondo lan egiten dutenak. Gure hizkuntza minoritarioa izanik, euskararen aldeko estimulazio politikak beharrezkoak dira eta horretan jarraituko dugu.

Euskararen alde lan egiten duten pertsona guztien lana txalotu nahi dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak