Diaz de Tuesta: "Astelehenean ez da inor egongo nire ordez, egoera kezkagarria da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko ira. 23a, 08:00
Diaz de Tuesta Herriko Plazan, asteon.

1980ean sartu zen Joxefe Diaz de Tuesta (Gasteiz, 1953) Arrasateko udaletxean. Itzultzaile lanetan hasi zen eta euskara teknikari moduan aritu da lanean gaur arte. Gaur, egubakoitza, izango da haren azken laneguna.

Gogotsu zaude etapa berrirako?

Bai. Ez daukat asmo ikaragarririk. Ez naiz Txinara joango bizikletan edo ez naiz Japonera argazkiak ateratzera joango. Argazkilaritzako proiektuekin jarraituko dut, etxetik gertu. Gauza txikiak.

Nola hasi zinen Udalean lanean?

Enpresa-ikasketak egin nituen eta garai hartan banuen aukera lanerako. Baina garbi nuen euskararen munduan nahi nuela lan egin. Batetik, aukera izan nuen AEKn hasteko eta, bestetik, orduan irten zen Udalean itzultzaile postua. Hainbat urtez bi lanak tartekatu nituen. Euskararen munduan amaitu nuen nik nahi izan nuelako; gustura mugitzen naiz, eginkizun sozialaren, kulturalaren eta politikoaren balio erantsi horrek asko bete izan nau.

Ba al duzu bereziki nabarmenduko zenukeen oroitzapenik?

Euskaratik bizi zitekeenik ez zuen inork pentsatzen. Akordatzen naiz udalbatzak itzultzaile plaza ateratzea onartu zuela osoko bilkuran, zinegotzi baten ekimenez. Onartu zen, baina beste zinegotzi batek proposatu zuen lehenago galdetzea ea norbait prest egongo zen lan hori kobratu gabe egiteko. Beste zinegotziak erantzun zion administrari, arkitekto edo abokatu bat behar zenean ere berdina egingo zela. Biak ziren, teorian, alderdi abertzaleetako zinegotziak. Euskara gutxietsita zegoen. Bestalde, gobernu batzordera gai bat euskara hutsean eramatea iraultza izan zen. 25 urteren ostean, gaien %60 euskara hutsean lantzen da.   

Eta lorpenei dagokienez?

Arrasate Press martxan jarri izana. AED izan zen bultzatzailea baina proiektua garatu zuen taldean Udaleko bi teknikari geunden. Garai hartako korporazioa asko inplikatu zen; hasieratik bagenekien proiektu estrategikoa zela, Arrasaten ondo irteten bazen zabaldu zitekeela. Eta halaxe izan zen. Sei hilabete baino gehiago iraungo zuenik ez genuen espero... Oso pozgarria da talde horretan parte hartu izana. Bestetik, euskara lanerako tresna moduan onartu da udaletxe barruan –orokorrean langileek lehenago barneratu zuten zinegotziek baino– eta hori ere lorpen handia da.

Kaleko erabilera nola ikusten duzu?

Sentsazio gazi-gozoa. Gazia, dakitenek dakitenekin egiten ez dutelako. Eta ez naiz gazteez bakarrik ari; penagarria da. Baina egia da, aldi berean, duela 28 urtetik gaur egunera kaleko erabilera bikoiztu baino gehiago egin dela. Pozgarriena da euskaraz gehien egiten dutenak haurrak eta gazteak direla gaur egun. Baina, noski, oraindik lan handia dago egiteko.

Zer gertatuko da zure plazarekin?

Ez dakit Udalak zer egingo duen, zuzenean inork ez dit-eta ezer esan. Baina handik eta hemendik hainbat informazio iritsi zait, oso fidagarriak, agerian jartzen dutenak Udalak nire lanpostua betetzeko asmorik ez duela. Astelehenean ez da inor egongo nire partez, eta zerbitzua kili-kolo geldituko da; egoera kezkagarria da. Eskerrak eman nahi dizkiet ardura erakutsi duten lankideei eta herritarrei; eta eskerrik asko animoengatik ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak