Maria Ubarretxenak positiboki baloratu du Montrealeko egonaldia, aberasgarria izan delako eta batik bat 2018an Gizarte Ekonomiaren IV. Foroa Bilbon egitea lortu delako.
2014. urtean, Seulen ospatu zen II. edizioan, Juan Maria Aburtok, orduan Enplegu eta Politika Sozialen Sailburu zena, eta Maria Ubarretxenak, Gizarte Ekonomiaren zuzendari gisa, bertako alkate Park Won-Sooni aurkeztu zioten, Konferentzia etorkizunean Euskadin ospatzeko aukera.
"Bartzelonako delegazioa, adibidez, oso jendetsua zen eta asko zaildu ditu Bilboren aukerak. Baina pozik gaude kongresua Euskadira ekartzea lortu dugulako". Oraindik zehaztu gabe dagoen arren, Arrasatek parte hartze aktiboa edukiko du kongresuaren antolaketan eta ekintza batzuk bertan egingo dira.
Aurtengo kongresuari dagokionez, bailarako eredu kooperatiboak mundu mailan eduki duen harrera ona nabarmendu du alkateak: "Inpresioa oso ona izan da. Euskadi esaterakoan jendeak segituan kokatzen gaitu, eta oso ondo dakite nortzuk garen eta zein den gure historia. Nire ustez, Arrasate izan da kongresuko izarra. Jendeari asko gustatu zaizkio bertan eman ditugun azalpenak eta herriari buruzko egin dugun deskribapena. Batez ere, gure eredu kooperatiboa" adierazi du Ubarretxenak.
Cities proiektua
Kongresua Euskadira ekartzeaz gain, Cities proiektuan parte hartzeko aukera ere izango du Arrasatek. Bertan Quebec, Seul, Bartzelona eta Bilbo hiriekin batera, ekonomia sozialari gaineko jakintza hedatzeko proiektuaren parte izango da.
CITIES, nazioarteko proiektu kolaboratzaile bat da tokiko gobernu eta gizarte zibileko eragile ezberdinen kooperazioan oinarria duena. Bere helburu nagusia gizarte ekonomia sendo eta solidario baten inguruko esperientzien inguruko hausnarketa burutzea, esperientziak eta jakintza partekatzea eta nazioarte mailan praktika onak hedatzea da.
Nazioarteko programa honek, gizarte ekonomian erreferenteak diren munduko hainbat eskualde bildu ditu, hala nola, Seul eskualdea, Quebec eskualdea, Katalunia eta Euskadi. Gainera OECD (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundea, nazioarteko erakundea) eta ILO (Nazio Batuen Lanaren Nazioarteko Erakundea) erakundeen babesa jasotzen du.