Ekitaldia Garaia gunean izango da, Udalaitz auditoriumean, 13:00etan. Ospakizunean Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta Mondragoneko presidente Iñigo Uzinek parte hartuko dute. Bertan, Alecop-en historiaren atzera begirakoaz hasi eta jarraian ALECOP, 50 urte: Ikasteko lana egin – Ikasi lan egiteko”hitzaldia egingo du Eugenio Astigarragak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI) Hezkuntzan doktore denak.
150 enpresarekin elkarlana
Alor akademikoan dihardu Alecop-ek, ingurune akademikoa eta lanarena elkartuz, ikasleen enpresekiko benetako harremanak ahalbidetuz eta ikasketek dakarten gastua ordaindu ahal izateko diru sarrera bermatuz. Gaur egun, 150 enpresa ingururekin egiten du lan, horietatik 120, kooperatibak. Urtean 250 ikaslek parte hartzen dute Alecop-en; bere ibilbide osoan, 13.000 lagun izan dira Alecop-eko partaide. Kooperatibak hitzarmenak ditu MUrekin eta Lanbide Heziketako ikastetxeekin.
Gaur egun, lan-ikaste partekatze modeloarekin jarraitzeaz gain, Alecop-en formazio zerbitzuak zabalagoak dira: MEIren (Mondragon Educación Internacional) bitartez hezkuntza ikastetxeen kudeaketa darama atzerrian, aurrefabrikatutako instalazio elektrikoak ekoizten ditu eta ekipamendu didaktikoaren diseinua eta fabrikazioa garatzen ditu.