Garbiketa ordenantza behin betiko onartuta, gobernuak espero du urte amaierarako jartzea indarrean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko uzt. 13a, 11:13

Agintaldian udalbatza barruan eztabaida gehien eragin dituen garbiketa ordenantza behin betiko izaeraz onartu zen atzoko osoko bilkuran. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin (11) eta EH Bilduren, Baleikeren eta Irabaziren kontrako botoekin (9) onartu zen. Ordenantza guztien ohiko prozedura jarraituz, Udal Gobernuak espero du urte amaierarako jartzea indarrean.

Balorazio politikoak

Maria Ubarretxena (EAJ): "Beste hainbat herritan ere baduten erreminta bat da garbiketa ordenantza. Adibide moduan jarriko dizut pankartena; ikusten dugu nola pankartak jartzen diren baina gero ez dituen inork kentzen. Helburua da halako kasuak ordenatzea; ordenantza guztien antzera, funtzionamenduan jartzean aldaketak eta zuzenketak izango ditu. Arautegia malgua da. Ordenantza lantzeko ni neu ere egon naiz eragileekin eta esan beharra daukat oso aberasgarria izan dela. Ez ditugu alegazio guztiak onartu, baina aldaketak egin dira".

Piter Encinas (EH Bildu): "Ordenantza honek adierazpen askatasuna murrizteko aukera handiak sortzen ditu. Oso garbi dugu garbiketa ordenantza adierazpen askatasuna mugatzeko aitzakia bat dela. 17. artikuluko puntu guztiak murritzaileak dira. Bestetik, guneen kontua dago; zazpi gune Arrasate osorako? Gutxiegi da. Monterron parkeko hesia, gunerik erabiliena, zerrendatik kendu dute apaingarri urbanistiko izendatu dutelako. Mesedez. Hori aitzakia hutsa da; zerrendako beste gune batzuk ere apaingarri urbanistikoaren barruan koka daitezke".

Oscar Garcia (PSE-EE): "Eragileekin egin ditugun bileratan debate bizia egon da, baina errespetuzkoa. Hainbat ekarpen jaso ditugu, ordenantzaren berriaren idazketan ageri direnak. Bereziki 17. artikuluaren aurka agertu da oposizioa, eta artikulu horretan aldaketa sakonak egin dira. Aldaketa sakon horietako bat adibide batekin azalduko dut: Korrika datorrela-eta, baimendutako leku baten pankarta bat jartzeko eskaera egiten da. Pankarta behin jarrita gero baimen eskaera egin daiteke, eta nahikoa da Korrikaren aldekoa dela jartzea".

Igor Urizar (Baleike): "Aldaketa oso txikiak egin dira, zentsurarako borondateak bere horretan jarraitzen du. Ahalegindu dira kutsu parte-hartzailea ematen baina gu egon garen eragileek adierazi digute ez dagoela borondate errealik ezer aldatzeko. Alegazioak aurkeztu dituzten norbanako eta eragile guztiei eskerrak eman gura dizkiegu".

Juan Luis Merino (Irabazi): "Ez duzue parte hartzean sinisten. Alegazioak ez dira kontuan hartu, ez dituzue irakurri ere egin. Webgunean eskegi zenuten zirriborroa eta eragileekin egon ostekoa berdinak dira; herritarrei barre egin diezue".

Garbiketa ordenantzaren 17. artikulua: kontrol eta garbiketa araudiaren zenbait puntu

Ordenantzak hainbat puntu jasotzen ditu baina 17. artikulua da eztabaida gehien eragin dituena. Aurkeztu diren 78 alegazioak puntu horretan zentratu dira, oro har. Jarraian, artikulu horrek jasotzen dituen puntuetako batzuk.

Kartelak 

-Aurrez eskatu barik jarri ahalko dira hartarako egokitu diren lekuetan. Leku horietatik kanpo jartzeko Udalari baimena eskatu beharko zaio.
-Kartelak egokitutako lekuetatik kanpo jartzeko baimena emango da "entzute handiko" kultura, arte edo kirol gertaeretan. Gainera, salbuespen gisa, baimena eman ahalko da beste kasu jakin batzuetan.
-Kartelak ezingo dira iraingarriak izan, oinarrizko giza-eskubideekin adeitsuak izan beharko dira –mezuen balorazioa txosten tekniko baten arabera egingo da–.
-Zinta itsasgarriz jarri behar dira, inoiz ez kolaz. Ezingo da kartelik jarri beste baten gainean baldin eta oraindik indarrean badaude. Ezin dira kartelak urratu edo zikindu leku baimenduetan.
-Leku egokituetan kartel publizitarioek ezingo dute panel osoaren %25 baino gehiago hartu.
-Baimena eskatzeko, kartela jarri nahi duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren nortasun datuak, edukia eta tamaina, kokalekua eta denbora zehaztu beharko dira. Leku egokituetan Udalak kenduko ditu kartelak, aldizka. Aldiz, leku ez egokituetan partikularrek kendu beharko dituzte.

Pankartak

-Leku egokituetan izan edo ez, Udalaren baimena behar da pankartak jartzeko.
-Debekatuta dago pankartak lotzea faroletan edo zuhaitzetan eta lotzeko elementuek ezingo dute, inolaz ere, lotuta dagoen elementu hori kaltetu. Ezin dira leku baimenduetako kartelak urratu edo zikindu.
-Pankartek azalera zulatu bat –%25ekoa, gutxienez– izan beharko dute haizearen eragina txikitzeko. Bide publikoa zeharkatzen badute, gutxienez 4,5 metroko altuera izan beharko dute.  
-Pankartak ezingo dira iraingarriak izan, oinarrizko giza-eskubideekin adeitsuak izan beharko dira –mezuen balorazioa txosten tekniko baten arabera egingo da–.
-Pankarta jartzeko baimena emango da kultura, arte edo kirol gertaeretan, eta hauteskunde kanpainetan. Gainera, salbuespen gisa, baimena eman ahalko da beste kasu jakin batzuetan.
-Baimena eskatzeko, pankarta jarri nahi duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren nortasun datuak, helburua eta tamaina, kokalekua, denbora eta izango duen lotura mota zehaztu beharko dira. Leku egokituetan izan edo ez, pankartak partikularrek kendu beharko dituzte.

Pintadak

-Debekatuta dago pintadak egitea udalerriko kanpoko edozein elementutan: hiri altzarietan, zuhaitzetan, estatuetan, monumentuetan...
-Udalak pintaden garbiketa lanak egin ahalko ditu ondasun higiezinetan, bere antolamenduaren eta programazioaren arabera, udalerria mantentzeko garbiketa egoera onean eta behar bezala apainduta, edo herritarrek hala eskatuta.
-Udala salbuetsita dago garbiketaren ondorioz ondasun higiezinetan eman daitezkeen kalteen erantzukizunetik, baldin eta lan horiek modu egokian gainbegiratuta eta Udaleko baliabideekin egin badira.

Horma irudiak
-Mural artistikoak margotzeko Udalaren baimena behar da. Egin ahalko dira orube hesietan, obra itxituretan, hormetan eta horma bitartekoetan.
-Baimena eskatzeko, murala egin nahi duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren nortasun datuak, muralaren zirriborroa eta tamaina, eta kokalekua zehaztu beharko dira. Adierazpen artistiko libreko espazioen garbiketa aldirokoa izango da, eremuan zehaztuta egongo dena. Muralak garbitzeko erabakia txosten tekniko baten arabera hartuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak