Babes handia izan du LGTBI harrotasunaren eguneko manifestazioak

Maite Txintxurreta 2016ko eka. 29a, 10:57

Ehunka pertsona bildu ziren atzo Arrasaten, ostadarraren koloreko banderak hartuta sexu askapenaren aldeko aldarrikapenak kalera ateratzeko. Antolatzaileak "oso pozik" azaldu ziren ibarreko herri desberdinetatik etorritako jende kopuruarekin.

Debagoieneko TransMarikaBolloFeminista koordinadorak antolatuta, eskualdeko lehen LGTBI (Lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexual) harrotasun martxa bateratua burutu zuten atzo Arrasaten. Ez doulako ihes ingo izan da aurtengo ekainaren 28rako aukeratutako leloa. "Oso pozik gaude, uste genuen jende gutxiago etorriko zela", adierazi zuen Kitzikan antolakundeko Izadi Arostegik. Belaunaldi berrietako gazteen presentzia ere nabarmendu zuen.

19:30ean Herriko Plazatik irten, eta erdiguneko kaleak zeharkatu zituzten sexu eta genero aukera anitzen zilegitasuna aldarrikatu eta harrotasuna haizatzen. Guztia musikaz, banderez eta koloretako puxikez lagunduta.

Seber Altube plazan bukatu amaitu zuten ibilbidea, eta bertan idatzi bat irakurri zuten, sexu askapenaren aldeko borroka oraindik ere beharrezkoa zergatik den gogora ekarriaz. Hala, gogoan izan zituzten azkenaldian LGTBI komunitatearen aurka munduko hainbat lekutan izandako erasoak: Orlandon (Estatu Batuak), Turkian, Errusian... Horiez gain, eguneroko erasoek ere jarraitzen dutela eta ikusgarritasuna lortzeko beharra azpimarratu zuten, eta atzokoa bezalako aldarrikapenak "hurrengo belaunaldiek guk baino bide errazagoa izan dezaten" beharrezkoak direla adierazi zuen Arostegik.

Era berean, azpimarratu zuten lesbianen edota transexualen egoera. Azken talde honekiko nabarmendu zuten transexualitatea gaur egun ere "gizartean gaixotasun bezala ikusia" dela.

Laburmetrai emanaldiak gaur

Atzokoarekin, baina, ez ziren bukatu ekainaren 28aren bueltan antolatutako ekintzak. Izan ere, gaur, ibarreko hainbat herritan sexu eta genero aniztasunaren gaiarekin lotutako film laburren emanaldiak izango dira.

Arrasaten, Kanpantorpean izango da emanaldia, (22:00etan), Aramaiokoa, berriz, Sastiñan (22:00etan), Aretxabaletakoa udaletxe zaharrean (22:00etan), Bergarakoa gaztetxean (20:00etan) eta Oñatikoa kultura etxean (19:30ean).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak