San Juan jaiak 2016

Ibilbide berria, ohiko jaia

Leire Kortabarria 2016ko eka. 17a, 14:30

Iazko haurren danborradako irudi bat. Argazkiaren egilea: Antonio Murillo.

Bihar, zapatua, alaituko ditu haurren danborradak herriko kaleak. Bost konpainiatan banatuta irtengo dira 200 ume eta gaztetxo (iaz baino zertxobait txikiagoa da kopuru hori: hain zuzen, iaz 250 ume inguru izan ziren eta zazpi konpainia osatu zituzten); hiru konpainia kupelekin irtengo dira, eta beste biak, danborrekin. 

Ibilbideak izango du berezitasunen bat aurreko urteetakoen aldean, helduen danborradako ibilbide berbera egingo baitute umeek ere; beraz, aurten honako hau izango da: Biteri plazan hasiko da danborrada, 19:00etan; handik Zerkaostetara joango da eta, Ecuador bidaia agentzia paretik, Garibai etorbidean behera egingo dute; handik Maalako errabalera, gero Erdiko Kalera eta, bukatzeko, Herriko Plazara joango dira; une oro, Arrasate Musikaleko Musika Bandak lagunduko die. Antolatzaileek, SUDCeko kideek, esan dute aurrerantzean ibilbide hori egingo dutela ume eta gaztetxoek ere.

Zifrekin jarraituz, hona hemen aurtengo haurren danborradako beste batzuk: lau zaldun joango dira, zazpi gastadore, 19 kantinera, 10 sukaldari eta beste 50 ume karrozan.

"Guztiz menderatuta"

Arizmendi ikastolako Gaztelupe gunean, zapatu guztietan 11:00etan elkartu dira umeak entseatzeko. SUDCek antolatzen du, ohi bezala, danborrada hori; bada, haurren danborradako arduradun Jesus Mari Egidazuren esanetan, ume eta gaztetxo guztiak "oso formal" ibili dira entseguetan eta, danborradarako bi aste falta zirenean, dagoeneko "menderatuta" zeuzkaten erritmoak, doinuak eta mugimenduak. Kantinerek euren entseguak egin dituzte; bigarren eta azkena bihar bertan dute, 11:00etan.

Karrozan joan behar diren umeak 18:30ean elkartuko dira Nafarroa etorbideko geltokian.

Herriko dibertsitatearen isla

Banderadunak ere jaietako eta danborradako protagonista garrantzitsuak dira. Aurten, Arrasateko kultura eta jatorri dibertsitatearen isla dira banderadunak; izan ere, horietako bat Mauritanian jaiotako neskatxo bat da; eta beste bat, gurasoak kolonbiarrak dituen arrasatear bat. Gainerako biak euskal jatorriko arrasatearrak dira. Honako hauek dira banderadunak: Brian Mena (jenerala), Tara Banamou (ikurrina eramango duena), Ainhoa Usatorre (SUDCen banderaduna) eta Yerling Segura (Arrasateko banderaduna).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak