Jaietarako hainbat zeregin
Arrasate Musikalek parte hartuko du aurten ere San Juan jaietan. Izan ere, ekainaren 23an, bezpera egunean, Errementari Dantzan Arrasate Musikaleko banda nagusia izango da, urtero moduan, herriko kultura talde ezberdinekin batera.
Ekainaren 24an, berriz, San Juan egunean, ohitura bihurtu den kontzertua eskainiko dute Monterronen, 13:00etan.
Hala ere, kontzertuaren aurretik, 11:30ean, Seber Altube plazan La Domingera abestia interpretatuko du Arrasate Musikaleko bandak, Arrasateko gaitero eta erraldoiekin batera. Bestalde, 24an, Arrasate Musikaleko haize-taldeak eta gaiteroek herriko kaleak girotuko dituzte Txaragan.
Monterronen arrakasta
Mikel Markiegik zuzendutako Arrasate Musikaleko bandak urtero egin ohi duen moduan, Monterron parkean emanaldia eskainiko du, eta hau izango da errepertorioa: El Barbero de Sevilla (G. Rossini), Mirentxu (J. Guridi), La boda de Luis Alonso (J. Jimenez), The legend of maracaibo (G. Gimenez), Soul Bossa Nova (Q. Jones) eta aurten bereizgarri, RIP taldearen hainbat kantu ere joko dituzte instrumentalki.
Mikel Markiegi Arrasate Musikaleko tronboi, tuba eta bonbardino irakasleak banda eta gaitarako RIP taldearen moldaketa musikala egin du; hala, Condenado, Enamorado de la Muerte eta Lepoan hartu eta segi aurrera kantak joko dituzte.