San Juan jaiak 2016

Herriaren historia suaren baitan biltzen duen dantza

Xabi Gorostidi 2015ko abu. 5a, 12:42

Jose Ramon Vitoria izan zen Errementari Dantzaren sortzaile nagusia. Aurretik egindako Txerri Dantzaren esperientzia baliatuta erabaki zuen ikuskizuna antolatzea. Tradizio luzeko ikuskizuna dirudien arren, 23 urte beteko ditu aurten.

Errementari Dantza eta San Juan jaiak banaezinezko kontzeptuak dira arrasatearrentzat. Musikatik, dantzatik eta herriaren historiatik edaten duen ikuskizuna da, eta, horregatik, aspaldiko tradizio bezala barneratu daiteke. Baina duela 200 urteko ikuskizuna dela ematen duen arren, 1993an egin zen lehen aldiz.
Jose Ramon Vitoria arrasatearra izan zen ikuskizunaren sortzaile nagusia. Errementari Dantza egin aurretik, ekainaren 23an bi ekitaldi nagusi egoten ziren: salbea eta danborrada, eta bi horien artean hutsune handia igarri zuen Vitoriak. "Normalean, jendeak afariak egiten zituen bi ekitaldi hauen artean, eta, herriko plazan dantzariak eta sua egon arren, nahiko giro gutxi izaten zen San Juan bezperan".

Txerri Dantzaren aurrekaria

Errementari Dantza sortu aurretik, Santo Tomas Dantza Kantua sortu zuen Vitoriak, gerora herriak Txerri Dantza izenez bataiatu zuena. Apustu edo erronka moduko batetik sortu zen. San Frantzisko Xabier ikastolaren 25. urteurrenerako abesti bat sortu zuen Vitoriak. Hau aurkezteko, ikuskizun bat antolatu zuen, Arrasateko gaiteroen, txistularien eta trikitilarien, Arrasate Musikaleko musikarien, Goikobalu abesbatzaren eta Dantza taldeen ekarpenekin. Hau ikusita, santamas egunerako talde bakoitzeko agerraldia egin beharrean, talde guztiekin batera zerbait berria egitea proposatu zuen. Orduan, norbaitek esan zion Vitoriari ezinezkoa zela akustikoki musika instrumentu horiek guztiak bateratzea. Erronka horri heldu, eta Txerri Dantza abestiaren doinua konposatu zuen, Jon Iñaki Isazelaiak egindako koplekin osatuta.

Ideia ereiten

Txerri Dantzaren esperientziari esker, dantza taldeekin eta herriko musikariekin gauzak egin zitezkeela ikasi zuen Vitoriak. Garai hartan, Olarte kaleko lokal baten entseatzen zuten, eta kalearen izenak Arrasateko historian burdingintzak izandako pisuaren kontzientzia piztu zion. Hortik sortu zen Errementari Dantzaren ideia.
Lehenik eta behin, doinua konposatu zuen. Horretarako, Legazpiko Mirandaolara joan zen, eta bertan entzun zituen kolpe gordinen hotsetan oinarritu zuen Errementari Dantzaren doinua –abestiaren klunka, eta klunka pasarteko lehen klunka horren atzean dagoen erritmoan, hain zuzen–. Abestian zehar badago doinu goibela duen zati bat, eta horrek ere badu bere azalpena: XV. mendean burdingintza ofizio arriskutsua zen, eta jende asko hiltzen zen lanean ari zela. Hori dela-eta du hileta kutsua abestiaren zatietako batek.
Baina ikuskizuna San Juan jaiekin eta, batez ere, Arrasaterekin lotzen duen elementu nagusia sua da. San Juan sua herri askotan egiten da, baina, dragoiaren presentziari esker, Arrasateko kondairarekin lotura zuzena egiten du ikuskizunak.
"Ikuskizuna prestatzen ari ginela ideia bat izan zuen Aritz Solupek, Arrasate Musikaleko Orkestrako musikariak. Bera Ingeniaritza ikasketak egiten ari zen garai hartan, eta dragoi baten maketa egin zuen. Udalari bost metroko dragoi bat egin nahi genuela esan genionean, zoratuta geundela esan ziguten, baina erokeria hura errealitate bihurtzeko gai izan ginen", azaldu du Vitoriak.
Orduan, Xabier Zubizarreta Txiron zen Arrasateko alkatea, eta haren inplikazioa nabarmentzekoa izan zela adierazi du Vitoriak. "Ikuskizuna plazara heltzearekin bat, herriko agintariak dragoiari harrera egitea polita izango zela pentsatu nuen. Alkateari proposatu nionean, prestutasun osoz baietz esan zidan. Ez hori bakarrik. Dantza egin ondoren alpargatak sutara botatzearena berari bururatu zitzaion. Hain zuzen, urtean zehar jaso ditugun hondarrak sutan erretzea sinbolizatzeko"

Koordinazio lanak

Era horretako ideia bat errealitate bihurtzeko, koordinazio-lan itzela egon zen atzetik. Herriko bi dantza taldeak, txistulariak, trikitilariak, gaiteroak, musika banda... hainbeste elementu batzen dituen ikuskizuna gauzatzea ez da lan erraza, eta guztia urtebeteko epean koordinatzea lortu zuten.
"Arrasateko hainbat ikur bere egiten dituen ikuskizuna da: dragoia, burdingintza... baina hau gauzatzeko orduan oso arrasatearra den beste elementu bat gehitu genion: lan kooperatiboa, hain zuzen. Ikuskizuna prestatzeko orduan, talde-lana eta elkarlana izugarriak izan ziren. Beste askoren artean, Aritz Solupek dragoia eraikitzeko hartutako ardura, Enrique eta Esteban Dolara anaiek musikaren koordinazioan egindako lana eta, batez ere, Lore Gazteak eta Arrostaitz dantza taldeek egindakoa azpimarratuko nituzke".
"Gogoratzen dut euren lokalera joan nintzela akordeoiarekin, eta abestia grabatu genuela. Baina kasete bat eman ostean, eurek egin zuten ondorengo lan guztia. Nik musika eta ideia sortu nituen, baina hau jende askoren artean sortutako ikuskizuna da, eta horregatik lortu da herriak barneratzea eta urteetan zehar arrakastatsuki irautea".

Arrakasta progresiboa

Lehen edizioetan, ikuskizuna birritan egin zuten, 23an eta 26an. Jaien hasieran eta bukaeran egitea ideia polita zen, baina lau eguneko festan zehar pilatutako nekea nabaria zen parte hartzaileen artean, eta 26koa ez egitea erabaki zuten. Lehen urtean, ikuskizunak harrera ona izan zuen, orokorrean,  baina kritika zorrotzak ere jaso zituen. Luzeegia zela, errepikakorra edota beste ikuskizun batzuen antza zuela.
Edozelan ere, urteek aurrera egin ahala, ikuskizunaren arrakasta handituz joan zen, eta, gaur egun, herriaren eta San Juan jaien ikur bilakatu da. Jendea kale-argietara igota ikustea ohikoa da, eta, urterik urte, herriko plaza txiki geratzen da. Musikak eta dantzak herria batzeko duten indarra ikusita, beste egitasmo bat sortu du Vitoriak. Batzen du izena eta ekainaren 18an estreinatuko da, Arrasateko kaleetan zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak