2040ra begira lurralde antolamendua lantzen

Xabi Gorostidi 2016ko eka. 15a, 15:24

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak tailer parte hartzailea egin zuen atzo Arrasateko Kulturaten. Etorkizuneko lurralde antolaketaren inguruan debagoiendarren ekarpenak jasotzeko ekitaldia izan zen.

Eusko Jaurlaritzak Lurralde Antolamenduen Gidalerroei esker hiri-eremu eta landa-eremuen arteko oreka zehazteko irizpideak zehazten ditu. Egun indarrean dauden gidalerroak 1997an onartutakoak dira. Hori dela eta, hauek berrizteko eta egungo beharretara egokitzeko prozesua martxan dago. Apiriletik irailera bitartean, Euskal Autonomi Erkidegoko hamasei eremu funtzionaletan tailer presentzialak antolatu dituzte, eta atzo Debagoienaren txanda izan zen. Tailerretara agertzerik ez dutenek, sare sozialen bitartez egin ditzakete euren ekarpenak. Twiterren #DOT_Euskadi traola erabilita eta Facebooken Lurraldea profilean.

Ekarpenak taldeka

Saioari eta proiektuari sarrera egin ondoren, bertaratutako herritarrak taldeka bildu ziren. Egungo egoera aldakorra kontuan izanda, 2040 urtera begira bost gai hauei buruzko ekarpenak egin zituzten: paisaia, ingurune fisikoa eta azpiegitura berdea, landa-ingurunea, hirigunea, mugikortasun jasangarria eta azpiegiturak eta zeharkako alderdiak.
Gai bakoitzak hainbat azpigai zituen barnean. Bakoitzari buruzko hausnarketak egin ondoren, taldeetako  bozeramaileek euren ekarpenak aurkeztu zizkieten gainontzeko taldeei.

Lau fase

Planteatuko ekarpenak azaroan Donostian egingo den Euskal Hiria kongresuan aurkeztuko dituzte. Lau fase ezberdinetan banatutako prozesua izango da. Iaz prozesu parte hartzaileari eman zitzaion hasiera. Aurten aurrerapen dokumentua aurkeztuko dute eta tramitazioa hasiko da. 2017an hasierako onarpena aurkeztuko dute eta helburua da 2018rako behin behineko onarpena lortzea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak