Batzen jolas-dantza herrikoi berria aurkeztu dute

Xabi Gorostidi 2016ko eka. 8a, 12:08

Jose Ramon Vitoriak herriko kultur taldeekin elkarlanean sortutako dantza da. Herritarrak ikusle izateari utzi eta dantzaren parte bihurtzea helburu duen dantza inklusiboa da. Elkarlan eta bizikidetza espazioak berriak irekitzeko asmoz sortu du Vitoriak, eta Ekainaren 18an estreinatuko dute.

Errementari dantza eta Txarri Dantza egin ondoren, dantza berri bat sortu du Jose Ramon Vitoria arrasatearrak. Batzen du izena, eta aurrekoetan bezala herriko kultur taldeekin elkarlanean sortu du. Bertan parte hartu dute: Arrasate Musikaleko Bandak, Arrasateko Gaiteroek, Arrasateko Txistulariek, Arrasateko Trikitilariek, Lore Gazteak eta Txikitxu-Arrostaitz Dantza taldeek eta Portaloi Elkarteko Herrixa Dantzan-eko partaideek.

Errementari Dantzarekin eta Txerri Dantzarekin, musika eta dantza gizartea eraikitzeko tresnak direla ikasi zuen Vitoriak.Elkarlan eta bizikidetza espazio berriak irekitzeko asmoz sortutako dantza da, eta herritarren parte hartze aktiboa sustatzea du helburu. Aurrekin bi dantzekin ez bezala, Batzen-en herritarrak ikusle izatetik protagonista izatera pasatzea da Vitoriak lortu nahi duena. Herritar guztiak gainera: haurrak, gazteak, helduak, etorkinak edo bertakoak.

Hori lortzeko, estetikari garrantzia kendu eta etikari garrantzia ematen dion dantza izango da. Posizio eta mugimendu basiko batzuk izango ditu, baina gainontzeko ataletan dantza erabat librea izango da, herritar bakoitzaren mugimenduak bere egingo dituena.

Dantza hainbat atalez osatuta dago: kalejira, deia, gonbidapena, jolasa eta dantza. Ez da egun edo herri konkretu baterako sortu. Ospakizun bat tarteko, edozein lekutan egin daitekeen dantza izango da. Ekainaren 18an estreinatuko dute Arrasaten, Errementari Dantzaren entsegua bukatu ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak