Taldearen prentsa-oharra:
Maiatzaren 2an prentsa ohar baten bidez Arrasateko EAJren udal taldeak adierazi du ez duela nahi Gipuzkoako zaborra Epelen. Hainbeste denbora isilik egon ondoren poztu egin gaitu komunikabideetan behin eta berriz egon den gaiaren inguruan euren posizioa argi agertzea.
Debagoiena eredu. Zabortegirik ez plataforma Arrasateko EAJren udal taldearekin ados dago esaten duenean Arrasatek 35 urtetan nahiko zabor jaso duela, orain berriz ere Epelera Gipuzkoako hondakin guztiak ekartzeko. Dena dela, Arrasateko EAJren udal taldeak aukera paregabea galdu du, bertako, Arrasateko, eredua aldarrikatzeko indartsu. Izan ere, hemen bezala Gipuzkoa osoan %80 inguru gaika jasoko balitz, zabor kopurua askoz txikiago izango litzateke. Zergatik ez dute egiten Gipuzkoa osoan guk bezala? Zergatik ez duzue aukera hau baliatu Diputazioari azaltzeko nola egiten dugun guk eta ondoren zergatik ez den egiten gauza bera Gipuzkoa osoan? Hondakinak gaika biltzea erraza da eta arazoa 160.000 tonatik 60.000 tonara pasatuko litzateke. Eta tratamendu egokia jaso ondoren, TMB plantatik adibidez, kopuru hori oraindik dezente jaitsiko litzateke.
Ez gaude ados zuekin esaten duzuenean beste leku bat bilatzeko aukerak aztertu behar direla. Guk ez dugu nahi horrelako zabortegirik Epelen, baina ezta Gipuzkoako beste leku batean ere. Guretzako ez duguna nahi ez dugu nahi beste inorentzat. Arrasaten eta Debagoiena osoan erakutsi dugu bidea, esporta dezagun gure praktika eta arazoa asko murriztuko da. Guk badugu alternatiba, Gipuzkoako agintariei konbentzitu behar diegu gure eredua egingarria eta praktikoa dela.
Egin dezagun lana elkarrekin eta errudunak bilatu beharrean, gastatu dezagun gure energia konponbide egokiak bilatzen. Eta soluzioa herrian bertan daukagu!!!
Debagoina Eredu. Zabortegirik ez!