Udal Gobernuko EAJ taldearen prentsa oharra osorik:
"Nahiz eta hondakinen gaiaren eskumena Debagoieneko Mankomunitateari dagokion, mankomunitate horretan parte hartzen duen Arrasate Udalak, ondorengo adierazpenak egin nahi ditu:
Arrasaten kokaturiko Akeiko zabortegia, 35 urtez egon zen jardunean, ez bakarrik Debagoieneko hondakinak, baita Debabarrena eta Bizkaiako herri batzuetako hondakinak jasotzen zituelarik. Arrasatek, bere zaborrez gain, Antzuola, Aretxabaleta, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Oñati, Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku, Soraluze, Ermua, Mallabia eta Durangoko zaborrak jasotzen zituen.
Akeiko Zabortegiak 1961ean hasi zuen bere jarduna, 1996. urtean itxi zelarik, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, Europar Direktibetatik zetozen arau berriak betetzen ez zituelako.
Guztira, era guztietako isurketek betetako bolumena, 200.000 m³koa izan zen.
Zabortegiaren itxiera 1996an izan bazen ere, berreskuratze lanak ez ziren 2005. urtera arte amaitu. Egun, nahiz eta Arrasateko Udalak Akeiko zabortegiari dagokion ingurugiro jarraipena egiten jarraitzen duen, zenbait medioetan agertutako adierazpenek erakusten digute, berriz ere Gipuzkoako lurralde historikoan, itxitako Akeiko zabortegitik distantzia eskasera, hiri hondakinak uzteko aukera mahai gainean dagoela.
Horiek horrela, Arrasateko udalak, 35 urtetan zehar, gai honekiko, nahikoa inplikazio, solidaritate eta konpromiso erakutsi duela uste dugu, nahiz eta kontziente izan Gipuzkoak zaborren inguruan denon artean konpondu beharreko arazo larria duela. Baina uste dugu, irtenbidea ez dela Epeleko zabortegian egokitzapen lanak egitea, kontutan izanik, hiri hondakinak jasotzeko prestaturik ez dagoela eta ia beteta dagoen zabortegi industriala dela.
Uste dugu badirela oraindik lurraldean aztertu behar diren beste aukera batzuk, esaterako, egungo zabortegiak handitzea edo zaborrentzako beste lekuak bilatzeko aukerak aztertzea, nahiz eta irtenbide hauek ez duten konpontzen bere osotasunean, azken urte hauetako planifikazio ezak, Gipuzkoan, zaborren gaiaren inguruan, eragin duen arazoa".