Arrasatera bizitzera datozen guztiei zuzendutako harrera protokoloari hasierako onarpena eman zion udalbatzak atzo. Nolako harrera mota izan behar den ere adostu zuten: "Harrera transbertsala izan behar da, maila ezberdinetan egin beharrekoa. Ate hori zabaldu beharra dugu, gure herria gero eta anitzagoa dela kontuan hartuta. Pertsona horiei herritik harrera egiten diegula sentiarazi behar diegu".
EH Bilduren ekarpenak
Aho batez onartu zen protokoloa baina EH Bilduk nabarmendu zuen atzokoa lehen urratsa bakarrik dela. Uste dute kanpotarrei harrera egitea herri osoaren ardura dela: "Harrera protokolo bat ezin da izan hasiera bateko erroldatze prozesuak errazteko tresna burokratiko eta administratibo bat. Herri osoa izan behar da harrera horren partaide, protagonista eta erantzule. Hori horrela izango bada, egitasmo eta ekintza zehatzak jarri behar dira martxan", adierazi zuen Itxaro Artola zinegotziak.
Horrekin lotuta, harrera hori kudeatuko duen lantaldea Udaletik harago joan eta mahai hori beste norbanako batzuei eta eragileei zabaltzea eskatu zuen Artolak. Udal Gobernuak, bere aldetik, begi onez ikusten ditu oposizioko talde nagusiaren ekarpenak.
Arcelor Mittal-eko langileen aldeko adierazpena
Bestalde, Zumarragako Arcelor Mittal lantegiko langileei babesa adierazi eta etorkizuna duen industria politika bat exijitzeko adierazpen instituzionala onartu zen: "Busti egingo naiz. Kanpotarrei gure enpresak saltzea ez dut uste estrategia ona denik herriarentzat. Estrategia politikoa izan beharko litzateke enpresak kanpotarrei ez saltzea eta gutxienez erabaki ahalmena Euskal Herrian geratzea", esan zuen alkateak.
Zarugalde kaleko 37. zenbakiko eraikina
Horrez gain, Zarugalde kaleko 37. zenbakian kokatuta dagoen eraikina bota aurretik onartu beharreko desjabetze espedienteari aurkeztutako alegazioak onartu dira. Arrasate pasealekua berriro urbanizatzeko obrak exekutatu ostean, eta ikusita proiektu horren helburu nagusia gertu dagoela, eremu horrek azkar behar du egokitzea eta horregatik tramitea bizkortu egingo du Udalak, "presako" deklaratuz.