Suhiltzaileek lege propioa aldarri, protesta koloretsu eta ludikoan

M. Txintxurreta / U. Madera 2016ko api. 15a, 09:38

40. 000 sinadura baino gehiago batu dituzte Euskadiko suhiltzaileek euren jarduna, zerbitzua eta funtzionamendua arautuko duen suhiltzaileen lege propioa aldarrikatzeko. Arrasaten zeregin horretan ibili ziren atzo iluntzean. Izan ere, Arrasaten elkartu ziren protesta egiteko Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatu dituzten bizikleta martxako adar biak. Gaur Araba dute jomuga; zehazki Aguraingo suhiltzaile parkea, oro har, Arabako suhiltzaile parkeen funtzionamendua 24 ordura artekoa izatea aldarrikatu gura dute. 

Suhiltzaileen bereizgarria den kolore gorriz jantzi zuten atzo iluntzean, eguena, Arrasateko Seber Altube plaza. Aldarrikapena abiapuntu, hori berori partekatu zuten plazara bertaratu zirenekin suhiltzaileen lan-tresnak modu ludikoan erakutsiz, bereziki, neska-mutikoei. Globoak eman, mangerak erabiltzen utzi, kamioi gainera igo, kaskoa jantzi… txikienak gustura; eta suhiltzaileek ikusgarritasunaren bitartez euren eskaeren berri eman zieten karpa barrura sartu eta sinadura bitartez babesa emateko gertu azaldu ziren herritarrei.

 

Laburbilduz, Larrialdiak Kudeatzeko Legea lantzen dihardu Legebiltzarrak, eta suhiltzaileek salatzen dute, batetik, lege hori lantzerako orduan ez dituztela suhiltzaileak eurak aintzat hartu, eta bestetik lege berriak ez dituela aurretik zegoen legearen (1996koa) gabeziak konpontzen. Are gehiago, Mar Fernandezek, ELA sindikatuko ordezkariak esplikatutakoaren arabera, suhiltzaileen zein suhiltzaile parkeen betebeharrak eta funtzionamendua arautzeko gaur egun sumatzen duten lege hutsunea ez du beteko Larrialdietarako Lege berriak.

Pribatizaziorako bidea

Horrez gainera, "onartu nahi duten lege proiektu honek pribatizazioari bidea ematen dio, eta, horregatik, atzera botatzea gura dugu", azaldu du Zubillagako parkean suhiltzaile den Ramon Iturricastillok: "Estatuko beste leku batzuetan bide horretatik jo dute, eta batzuetan dagoeneko zerbitzuak pribatizatuta daude".

Iturricastillok uste du balizko pribatizazio batek ez lukeela "ezer onik" ekarriko. Gaineratu du langileendako "baldintza okerragoak" ekarriko lituzkeela, eta, gainera, zerbitzuaren kalitatea ere kaltetuko lukeela: "pribatizazioak esan nahi du ahalik eta diru gehien aurreztea zerbitzuaren kalitatearen kontura", argitu du suhiltzaileak.

24 orduko zerbitzua, publikoa

Horren harira, dio eurek eskatzen dutena dela zerbitzu "publikoa, profesionala eta 24 ordukoa". Izan ere, aipatu du Arabako eskualde batzuetan gauez itxi egiten direla parkeak, bestela esanda, 12 orduko zerbitzua ematen dute gaur egun, eta horrek azkartasunean eta eraginkortasunean gabeziak dakartzala.

Martitzenean hasita, herri desberdinetatik pasa dira suhiltzaileak, etapaka, atzo arratsaldean Arrasaten egon ondoren,
Gaur, berriz, egubakoitza, bizikleta martxaren azken etapa burutuko dute denek batera, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako suhiltzaileek, Aguraingo suhiltzaile parketik irten eta Gasteizko parkeraino iritsiko dena. Ondoren, 12:00 aldera, bertatik oinez manifestazioa egingo dute Eusko Legebiltzarreraino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak