Kooperatibek etengabe euren burua berrasmatzeko beharra azpimarratu dute Garaiako jardunaldian

Maite Txintxurreta 2016ko api. 7a, 20:00

Krisi ekonomikoak euskal enpresen kudeaketan eta gobernantzan izan duen eraginaren eta lehiakortasun egoera berrietara egokitzea ziurtatzeko behar duten eraldaketaren inguruan aritu dira gaur arratsaldean zehar Garaia berrikuntza gunean izandako jardunaldian. Ordaindu plataformako kideek protesta egin dute kanpoaldean.

Puntako hizlariak batu dira gaur Arrasateko Garaia Berrikuntza Guneko areto nagusian, kooperatibismoari buruzko jardunaldietan. Bereziki, ekonomia krisiak mota horretako lantegi eta enpresengan izan duen eragina eta horri aurre egiteko dituzten aukerak izan dituzte hizpide.

Horretarako, lehenik eta behin Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun nagusia arduratu da jardunaldiak irekitzeaz. Hark adierazi du krisiak eragin larriak ekarri dituela lurraldera, eta Zumarragako Arcelor Mittalen itxiera jarri du adibide gisa. Era berean, baina, nabarmendu du horri aurre egiteko pertsonen parte-hartzea ezinbestekoa dela, eta horrekin lotuta, Debagoieneko kooperatibismoa goraipatu du, esanez mota horretako enpresak indartu egin behar direla.

Ahaldun nagusiaren sarreraren ostean, gainontzeko hizlarien txanda izan da. Javier Sotil Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakaria izan da hitza hartzen lehena, eta enpresen eraldaketaren inguruko hausnarketa bat egin du MCC-ren ikuspuntutik.

Interkooperatzeko beharrean jarri du hark azpimarra. Azaldu du Mondragon Korporazioaren baitan enpresa desberdin asko, eta, beraz, errealitate desberdin asko daudela, guztiak elkarrengandik desberdinak. Testuinguru horretan, alde batetik elkartasuna eta bestetik lehiakortasunerako erremintak landu behar direla esan du, elementu horiek "giltzarri" direla gaineratuz. Horretaz gain, garai eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna ezinbestekoa dela adierazi du, "etorkizuna iragarrezina" dela-eta: "kooperatiba berreraikitzen eta birmoldatzen joan behar da egunez egun".

Kooperatiben bereizgarritasuna

Sotilek gaineratu du kooperatiben ezaugarri bereizgarria dela "gizartean eragiteko nahia", esaterako, lanpostuak sortuaz. Erronkei dagokionez, orain egin beharreko gauza bat "jende gazte gehiago sartzea" dela esan du, eta horiek erakartzeko ideia erakargarriak igortzea.

Sotilen ostean, Igor Ortegaren interbentzioa etorri da, LANKI Lankidetza Ikertegiko ikertzailearena hain zuzen. Hark, Mondragon Unibertsitateak kooperatibagintzari buruz duen ikertegian eginiko hainbat hausnarketa eta ondorio plazaratu ditu. Batez ere Fagor Etxetresnak lantegiaren itxieraz aritu da, eta hortik zer ikasi daitekeen adierazi du.

Esan du Fagor-en krisia hainbat faktorek eragin zutela, krisi ekonomiko orokorraren hasierak edota Asiatik etorritako lehia agresiboa tarteko, esaterako. Bestalde, gaineratu du 2000 hamarkada bukaeran kontsumoa "polarizatu" egin zela, eta luxuzko edo, alderantziz, kostu murriztuko produktuak hasi zirela gehien saltzen, tartekoen, Fagorrek eskaintzen zuenaren, esaterako, kalterako.

Hark azaldu du globalizazioaz ezkero, erronka nagusietako bat multinazionalekin lehiatzea dela, eta, Sotilek esan moduan, egokitzeko kapazitatea izan behar dela dio, eta berritzaile izatea beharrezkoa dela gehitu du.

Ortegaren ostean, Bart Kampek, Orkestra lehiakortasunerako euskal institutuan nazioartekotzearen eta zerbitzuen alorreko ikertzaile nagusiak hartu du hitza. Euskal industriaren bilakaera lehiakorrari zuzendutako estrategiez aritu da. Ondoren, Mikel Orobengoak hartu du mikrofonoa, ISEA KOOP.e.-ko zuzendari nagusiak, eta COPERNICO "eskubietako enpresa" deritzonaren ereduari buruz aritu da. Bukatzeko, Arizmendiarrietaren Lagunen Elkarteko kide Jose Luis Madinagoitiak egin du bere interbentzioa, enpresa eredu berri bateranzko bidea izan duelarik mintzagai.

 Ordainduren protesta

Jardunaldien hasierarako, arratsaldeko hiruretarako, euripean zain zeuden Fagorren itxierak kaltetutako langileen Ordaindu plataformako hainbat kide pankarta batekin, eta txistu eta oihu egin die Markel Olano Ahaldun Nagusiari edota Javier Sotili.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak