Arrasate-Udalatxen iazko "arrakasta errepikatu" gura dute antolatzaileek

Josu Bilbao 2016ko api. 6a, 19:30

Arrasate-Udalatx mendi lasterketa arrakastatsua izan zen iaz. Eta aurten ere, bigarrengo aldian, iaz lortutako arrakasta errepikatu gura dute antolatzaileek, Mondraitz taldeko kideek. Horixe nabarmendu dute domekako lasterketaren aurkezpenean. Aurten 300 korrikalarik parte hartuko dute; erdiak debagoiendarrak izango dira. 10:00etan hasiko da eta Herriko plazan izango ditu irteera eta helmuga. Goiena Komunikazio Taldea da babesleetako bat.

Parte-hartze garrantzitsua

Parte hartzaileei dagokionez 2016ko probarako gehienezko parte hartzaile kopurua 300 korrikalarikoa izango da (iaz 250). Nabarmentzekoa da korrikalarien kopuru erdia bailarakoak direla eta gainontzeko guztiak Euskal Herriko probintzia eta puntu ezberdinetatik etorriko direla. Baita, Euskal Herritik kanpo ere.

Parte hartzaileei dagokionez 30 emakumek eman dute izena (iaz 13). Emakumeen artean Euskal Selekzioko kideak izango dira: Aitziber Ibarbia, Uxo Irigoien, Elena Calvillo eta Maria Zorroza.

Bestalde, mundu mailan Ultra distantzietan lehiatzen den punta puntako korrikalaria den Silvia Trigueros ere egongo da. Gizonezkoetatik aipatzekoa da punta puntako korrikalarien presentzia, hala nola, Aritz Egea, Aritz Kortabarria edo ultra distantziako Euskal Herriko Txapelduna den Iokin Garai oñatiarra.

Lasterketaren deskribapena

Ibilbideak 20 kilometro inguru ditu eta bi zati dauzka:

  • Lehen tartea: Arrasate-Udalatx, geldoagoa eta zailtasun tekniko maila batez.
  • Bigarren tartea: Udalatx-Arrasate, azkarragoa, zailtasun handirik gabe helmugara arte korrika egiteko aukeraz.



Boluntario laguntzaileak egongo dira, behar den bezalako koordinazioaz, ibilbide guztian zehar. Ibilbidea, jakina, seinalez josita egongo da eta, osasun larrialdiei erantzun egokia emateko, kontuan hartuko dira bertara sartzeko beharrak.

Lasterketak lau anoa-postu izango ditu, boluntarioen ardurapean beti:

  • 7. kilometroa, Udala. Likidoa eta solidoa.
  • 9. kilometroa, Udalatx. Likidoa eta gelak.
  • 13,5. kilometroa, Besaide. Likidoa eta solidoa.
  • 17,5. kilometroa, Udala. Likidoa eta solidoa.

Arrasate-Udalatx Mendi Trailaren irteera Herriko Plazan egongo da. Hirigunean ibilbide labur bat egin ostean Monterron Parkeko basoan sartuko da lehen aldapekin topo egiteko. San Kristobaleko kanposantura igo eta handik beherantz egingo du, Meatz-Erreka elkarte gastronomikora arte; hor Kanpazarrera daraman bidea zeharkatu eta Udalara igoko da (lehen anoa-postua).

Anoaren ostean bidexkan gora joko du 600 metroko tartea gaindituta Udalatx gainera iritsi arte –bigarren anoa-postua. Jaitsiera zorabiagarri bati ekingo dio ipar-mendebalderantz, Udalatx hegalerantz, harik eta bidezidor bat hartu arte, beti ondo markatuta. Hemendik, kilometro gutxi batzuk eginda, Besaidera helduko da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeek bat egiten duten lekura. Euskal Mendi Federazioak monumentu bat jarri zuen eta iraileko hirugarren igandean mendi istripuetan hildako mendizaleak omentzeko bilgune bihurtzen da.

Besaideko iturrian kokatutako anoa-postuan (hirugarrena) geldialdi txiki bat egin eta Udalara daraman bidexkari helduko dio, azkeneko anoa puntua. Azkenik, hegoalderantz 3 km inguru behera egin eta hasiera puntura itzuliko da, Herriko Plazara.

Lasterketaren profila

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak