25 urte betetzen ditu AGAKOk...
Asanblada orain dela 25 urte jaio zen. Hasiera baten ospitale zaharrean hasi ziren, eta izena AGAKO irten zen. Gaztetxearen izena aukeratzeko lehiaketa bat egin zen, eta hortik sortu zen Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuaren izena.
Belaunaldiz belaunaldi erreleboa pasatzen doa Arrasateko gaztetxean?
Asko daukagu eskertzeko gaztetxean ibili den jendeari, aurreko belaunaldi guztiei, azkenean gu hor bagaude eurei esker da. Eurek egindako lan guztiari esker. 25 urte hauek eurek egindako lanagatik ospatuko ditugu.
Gaur egun zer osasun du AGAKOK?
Nire ustez, 25. urteurren honek nahiko indarberritu gaitu. Ilusioz beteta gabiltza, indartsu, eta horren erakusle argia da apirila osorako antolatu dugun egitaraua. Azkenean, bertan oso ondo islatzen da egiten ditugun ekintza kultural, sozial eta politiko guztiak.
Kontzertuekin eta musikarekin lotzen dugu sarritan, baina denetarik antolatzen duzue gaztetxean.
Bai, aste honetan dokumental bat ikusteko aukera izan dugu, 9rako mendi irteera antolatu dugu, hitzaldiak ere egongo dira... Ekintza ugari antolatu ditugu, eta hori aberasgarria dela ere uste dut. Azkenean gustu ezberdinak asetzeko antolatu behar ditugu gauzak.
Herriko hainbat elkarterekin elkarlanean antolatutakoak dira gainera...
Bai, eta horren erakusle da zapatuan ospatuko dugun AGAKO eguna. Egun osorako egitaraua dago. Azkenean, gaztetxea denona dela erakustea da guk nahi duguna, norbanako ezberdinek osatutakoa, eta horregatik herriko eragile ezberdinei gure ateak zabaltzen dizkiegu. Eskertzekoa da benetan euren partetik jaso dugun babesa.
Domeka gauean lapurreta egin zuten gaztetxean...
Aspalditik lapurreta txikiak egon dira, kantitate txikiak lapurtzen ibili dira, baina domekan konturatu ginen 500 euro eta proiektorea eraman zituztela, lapurtu egin dituztela, eta hori salatzea beharrezkoa ikusi dugu, gaztetxean ez dagoelako horretarako lekurik. Erasoa ez da bakarrik guretako, baizik eta gurekin lanean dabiltzan norbanako eta eragile guztien aurkakoa da.
Liburutegia, serigrafia gela, sukaldea, irratia... denetarik duzue gaztetxean.
Gu saiatzen gara gaztetxean eraikinak eskaintzen dizkigun baliabide guztiak ahalik eta hoberen aprobetxatzen. Irratia, adibidez, gaur egun ez dabil, baina orain dela gutxira arte Arrasateko talde bat bere maketa grabatzen ibili da. Zinean ere domekatan pelikulak jartzen dira. Liburutegia ere irekita dago nahi duenak libururen bat hartzeko edo bertan ikasteko. Logelak ere badaude. Serigrafian ibili nahi duenak ere badu bere tokia kamisetak edo poltsak egiteko.