Garbiketa ordenantzari hasierako onarpena, agintaldi honetako osoko bilkurarik luzeenean eta beroenean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mar. 23a, 11:27

Garbiketa ordenantzari hasierako onarpena eman zion atzo, martitzena, Arrasateko udalbatzak. Espero zen moduan, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin (11) eta oposizioko gainerako taldeen kontrakoekin (10) aurrera egin zuen ordenantzak. Ezohikoa izan zen atzoko osoko bilkura, ezohikoa iraupenean –agintaldiko luzeena orain arte–, ikusminean –aretoa lepo beteta eta alderdi politiko guztiak ordezkatuta publikoan ere– eta adierazpenetan –tarteka errespetu faltak ere izan ziren–.

Bruselako atentatuak "irmoki" gaitzesteko udal talde guztiek babestutako adierazpen instituzionala irakurri zuen Maria Ubarretxena alkateak bilkuraren hasieran, eta ondoren minutu bateko isilunea egin zuten.

(Bruselako atentatuak gaitzesteko minutu bateko isilunea)

Ondoren, eta gai zerrendan sartu aurretik, alkateak Udal jardunean euskararen presentzia bermatzeko erabaki baten berri eman zuen; aurrerantzean gaztelera hutsean aurkezten diren mozioak ez dira onartuko. Alderdi sozialistako bozemaile Oscar Garciak erabaki hori salatu zuen.

Ikusmin handia piztu duen ordenantza

Gai zerrendan sartuta, bide garbiketa arautzeko ordenantzari hasiera emateko puntuak eragin zuen eztabaida gehien. Amaieran, udal talde guztietako bozeramaileek GOIENAri eman zioten ordenantzaren gaineko iritziak:

Maria Ubarretxena (EAJ): "Ordenantzari hasierako onarpena eman zaio. Honek ez du esan nahi bihartik aurrera ordenantza martxan ipiniko denik; hemendik aurrera alegazioak aztertzeko tartea izango dugu. EAJk konpromisoa hartzen du taldeekin eta eragileekin egoteko eta aldaketak egin behar badira, aldaketa horiek egiteko. Adierazpen askatasuna bermatu nahi dugu baina ez, agian, leku guztietan. Ez, adibidez, merkatari bati denda aurrean jartzen zaion kartela edo egiten zaion pintada. Iñigo Arregiren Harresi Ezkutua eskultura jartzeko bizilagunei baimena eskatu genien moduan, bizilagun horiek ere eskatzen dute beste batzuek baimena eskatzea. Ez da parte-hartzeko mahairik sortu, baina Arrasateko historian ez da sekulako halakorik egin ordenantza bat onartzeko. Horrek ez du esan nahi aurrerantzean gauzak beste era batera egin behar ez direnik. Eragile batzuekin bildu gara eta aldeko zein kontrako iritziak jaso ditugu. Zaila egiten da bermatzea batzuen askatasuna besteena urratzen denean; denbora beharko du, baina gure nahia da herritar guztien askatasuna eta eskubideak bermatzea. Eta hori ez da erraza izaten".

Eneko Barberena (EH Bildu): "Kontra bozkatu dugu batez ere prozedura ez delako izan aproposena eta testuak hainbat gabezia dituelako. Aipatu da behin eta berriz aurreko agintaldian ordenantzak onartu zirela inongo parte-hartze prozesurik gabe. Gure irakurketa da agian orain gauzak beste modu batera egin behar direla. Guk ez dugu hori errekonozitzeko inongo arazorik. Lehen ez moduan, orain eragileek parte-hartzea eskatzen dute. Eskaera bat badago eta beraz, ez du balio esateak lehen hauek ez zuten egin. EAJk A esaten du eta PSE-EEk B; norekin geratzen gara? Hau da, gobernuak ba al du irizpiderik benetan? EAJko bozeramaileak mahai bat egin daitekeela aipatu du, alegazioak banan-banan aztertuko direla. Baina PSE-EEkoak ez du halakorik aipatu. Horregatik ulertzen dugu ez dagoela akordiorik euren artean eta ez dela bermatuko eragileen ahotsa entzungo denik. Aldeko zein kontrako iritziak entzun behar dira, Hondakinen Mahaian egin zen moduan".

Oscar Garcia (PSE-EE): "Arrasatearrei aspaldi zor genien ordenantza bat da. Gure herriak ordenantza hau behar du, beharrezkoa delako dena bere tokian egon dadin. Ez da, beste batzuek dioten moduan, mozala jartzeko. Guk ez dugu mozalik jarri nahi, baizik eta gauzak bere ordenan eta lekuan jartzea. Arautzea da helburua. Gauza guztietarako arauak daude eta badira debeku batzuk, pintadak adibidez. Baina hori gizaki den pertsona batek uler dezake".

Igor Urizar (Baleike): "Formak eta edukiak ez zaizkigu gustatu. Ez du adierazpen askatasuna guztiz bermatzen eta Udal Gobernuak ez du ahaleginik egin nahi izan ordenantzak zuzenean eragiten dien eragileen iritzia jasotzeko. Buruan ditugu alegazio batzuk eta orain aztertu behar dugu zeintzuk aurkeztu eta zeintzuk ez; mozal ordenantza honen aurka dauden herritarrei ere dei egiten diegu alegazioak aurkez ditzaten".

Juan Luis Merino (Irabazi): "Udal Gobernuaren eta bereziki PSE-EEko Oscar Garciaren inposizioa izan da. Ez da herritarrekin landu, eta oposizioko taldeak gutxietsi egin dituzte. Gabezia legal batzuk ere atzeman dizkiogu ordenantzari, baina horiei ere ez zaie kasurik egin. Modua gaitzesten dugu eta ez mamia, guk ere Arrasate garbi nahi dugu-eta".

(Edurne Iraola herritarra garbiketa ordenantzaren aurkako adierazpena irakurtzen).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak