Ernai: "Mozaldun iritzi askatasuna kontzeptu ulergaitza da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mar. 19a, 10:40
"Mozal ordenantzaren" aurka Ernaik Portaloian egin duen margoketa.

Arrasateko Ernai antolakundeak Udal Gobernuak martxoaren 22ko osoko bilkuran onartu nahi duen garbiketa ordenantza salatu du, Portaloiko Harresi ezkutua eskultura erabilita: "Azken 50 urte hauetako hormarik aldarrikatzaileenari, trikimailuz eta artearen aitzakian, burnizko mozal erraldoia ezarri diozue".

Eskultura aldarrikapena egiteko erabili izana honela azaldu du Ernaik: "Ez gara tuntunak, ez dugu Harresi ezkutua kaltetuko, ez dugu inork Iñigo Arregiren lanari kalterik txikiena ere egiterik nahi. Harresi ezkutua bedeinkatua, eta gure arte espresio aldarrikatzailea aldiz zikina irudituko zaizue eta elkarbizitzaren izenean berehala ezabatzea aginduko duzuen arren, Portaloiko margoketa honekin gorazarre egin nahi diegu, azken hamarkada hauetan, inguruan poliziarik ez zegoela baieztatu ondoren, horma mutu horretan mota guztietako aldarri eta deialdien txoko bihurtu duzuen arrasatear guztiei".

"Ildo komunikatiboa murriztera dator"

Ernaik, aldi berean, salatu du herri mugimenduen ildo komunikatiboa, "edukietan eta espazioetan", murriztera datorrela: "Udala da norbanako, alderdi, sindikatu, elkartu eta gure herrian diren mugimendu anitzen ildo komunikatiboa zehaztuko duena. Bestela, Gestapoa bailitzan, Cespa bidaliko dute Arrasateko kaleak garbitzera, udaltzainen eskoltarekin eta, behar izanez gero, espainiar polizia autonomikoarekin".

"Elkarbizitzaren aurka"

Ernairen arabera, PPk sustatutako Mozal Legea "debeku, isun eta zigor gehiagorekin" zorroztu nahi dute EAJ eta PSE-EEk Arrasaten: "Herri demokratikoa, elkarbizitza, elkarren arteko errespetua eta iritzi askatasuna bezalakoak ahotan erabiltzeko adorea erakutsi dute. Izua! Zeren mozaldun herri demokratikorik ez dago. Mozaldun elkarbizitza ezinezkoa da. Mozal inposatzaileekin errespeturik ezin izan. Mozaldun iritzi askatasuna kontzeptu ulergaitza da".

Komunikatua osorik:

"Asmo txarreko" kartel eta margoketa "iraingarriek" herri demokratiko batean lekurik ez dutela dio Arrasateko PNV-k eta lerro hauen bitartez arrazoia eman nahi diegu. Arrazoi osoa izateko aldiz, aurrez, herri demokratiko batean bizi beharko ginateke.

Arrazoia ematen diegun arren beldurra eragiten dute. Beldurra ematen dute, Espainiako Alderdi Popularraren Mozal Legea, debeku, isun eta zigor gehiagorekin zorroztera datorren PNV eta PSOEren Arrasateko Mozal ordenantzaren atzean daudenek. “Herri demokratikoa, elkarbizitza, elkarren arteko errespetu eta iritzi askatasuna” bezalakoak ahotan erabiltzeko adorea erakutsi dutelako. Izua! Zeren mozaldun herri demokratikorik ez dago. Mozaldun elkarbizitza ezinezkoa da. Mozal inposatzaileekin errespeturik ezin izan. Mozaldun iritzi askatasuna kontzeptu ulergaitza da.

PNV eta PSOEk helburu duten Mozal ordenantza, herri garbiago baten aitzakian, herri mugimenduen ildo komunikatiboa, edukietan eta espazioan murriztera dator. Arrasateko Udala da norbanako, alderdi, sindikatu, elkarte eta gure herrian diren mugimendu anitzen ildo komunikatiboa zehaztuko duena, bestela zigorra, bestela Gestapoa bailitzan, Cespa bidaliko dute Arrasateko kaleak “garbitzera”, Udaltzainen eskoltarekin eta behar izanez gero, Espainiar polizia autonomikoarekin.

Dagoeneko zinez murriztua den adierazpen askatasuna are gehiago murrizteko helburu “garbitzaileekin” datoz. Geroz eta lege zigortzaileagoekin, herritarron gainetik jarri eta herria makurtzea da bilatzen dutena; PNV/PSOEren oniritzirik gabe ez dezala inork protestatu, ez dezala inork ezer adierazi, ez dezala inork haien interes partidistekin bat egiten ez duen aldarririk egin... eta gainera, Jauntxoen politikak duen ospe txarrarekin, urtean 63.000 euro irabazten dituen alkatea pairatu behar!

Aurrera egin beharrean iraganera itzuli nahi gaituzte, ahal badute 1.936. urtea arte. Odolezko mozala ezarri zitzaion orduko Arrasate hura bai zela “baketsu” eta ezin garbiagoa ezta? Garaiko Udal autoritarioa da faltan botatzen duzuena. Zuena jokabide faxista da, herriari mozalak jartzen dizkiona faxista da eta zalantzarik gabe, eztarriko zimurrak ezkutatu nahi ala ez, neurrira doakizuen mozorroa frankistena da.

PNV eta PSOE, nor baino nor, lau urtez “Herri Galdeketa” zer den tolesten eta bihurritzen aritu dira. Arrasate pasealekuan, haritza, pagoa, ezkia edo astigarra aukeratzea, kolpean herri demokratikoan bihurtuko bagintu bezala. PNV eta PSOE-k, “Herri demokratikoa” zer den birrindu baino lehen, hona demokraziaren erradikalizazioa helburu politikotzat dugunon ikuspegia:

Estatu propioa eraikitzea ukatzen zaion herri demokratikorik ez dago. Eredu ekonomikoa, bakean eta askatasunean erabakitzeko eskubidea ukatzen zaion herri demokratikorik ez dago. Ezberdintasun sozialak areagotu, gazteok lana aurkitzeko emigratzera bultzatu eta herritarrak etxegabetzen dituen kapitalismopean herri demokratikorik ez dago. Politikari ustel eta inork aukeratu ez dituen enpresarien agindupean dagoen herri demokratikorik ez dago. Euskal langile herriari murrizketak, prekaritatea eta langabezia inposatzen dion herri demokratikorik ez dago. Gizonezkoek emakumezkoak erasotu eta erailtzen dituen herri demokratikorik ez dago. Preso politikoak dituen herri demokratikorik ez dago. Iheslari politikoak dituen herri demokratikorik ez dago. Guardia Zibilaren jazarpen eta kontrolpean

jarraitzen duen herri demokratikorik ez dago. Gatazkaren erro politikoa ukatu eta biktima guztien errekonozimendua eta egia osoa ez duen herri demokratikorik ez dago. Torturatuak izan diren dozenaka arrasatearrek egia, justizia eta erreparaziorik ez duten bitartean herri demokratikorik ez dago. Euskarak hamarkadaz hamarkada jasan dituen erasoen egia, justizia eta erreparaziorik gabe herri demokratikorik ez dago. Gutxi batzuen poltsikoak betetzeko, milaka tona errauts, gas toxiko eta tratatu gabeko zaborrarekin kutsatzen duzuen herri demokratikorik ez dago. Sozialki inongo errentagarritasunik ez duen Abiadura Handiko Trenak ez dira herri demokratikoetan eraikitzen, are gutxiago herri menditsu txikietan...

Herri demokratiko batean bizi garela esatea gezurra da. Arrasateri mozal gehiago inposatzeak herri demokratiko batetik gehiago urruntzen gaitu, eta herri demokratizazio prozesua oztopatzen duten botere formal eta faktikoen aurkako konfrontazioa, eskubidea izateaz gain, betebehartzat dugu.

Portaloiko hormari ere, Arrasateko azken 50 urte inguru hauetako hormarik aldarrikatzaileenari, trikimailuz eta artearen aitzakipean burnizko mozal erraldoia ezarri diozue. Ez gara tuntunak, ez dugu “Harresi Ezkutua” kaltetuko, ez dugu inork Arregiren lanari kalterik txikiena ere egiterik nahi. “Harresi ezkutua” bedeinkatua eta gure arte espresio aldarrikatzailea aldiz “zikina” irudituko zaizue eta “elkarbizitzaren” izenean berehala ezabatzea aginduko duzuen arren, Portaloiko margoketa honekin gorazarre egin nahi diegu, azken hamarkada hauetan, inguruan poliziarik ez zegoela baieztatu ondoren, horma mutu horretan mota guztietako aldarri eta deialdien txoko bihurtu duzuen arrasatear guztiei:

Mugimendu feministak eraso matxistak salatzeko bi metrotako kartel txuri hartatik, Aratz Saez preso politikoak Arrasateko herriari bidalitako eskutitz osoaren kopia erraldoira, euskal langile herriaren, ekologismoaren, euskararen, gazte mugimenduaren, zapaldu, ahul eta bitarteko gabekoen defentsan beti aritu zaretenoi... Azken finean, Herri Demokratikoaren alde egi(te)n duzuen guztioi gorazarre.

Eta gaur, borrokan jarraituko dugu, eta bihar Independentzia!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak